argia.eus
INPRIMATU
PSE-EEren Arabako sutea ez da itzali
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako buruzagitzak hautatu ditu PSEk asteburuan eta, inork “berrikuntza” hitza xuxurlatu duen arren, azken argazkian betikoak ageri: Iñaki Arriola Gipuzkoan, Jose Antonio Pastor Bizkaian eta Txarli Prieto, abizena bezain estu, Araban.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 18a
Txarli Prieto ozta-ozta hautatu dute Arabako PSEko idazkari nagusi berriz.

Gipuzkoan eta Bizkaian erraz hautatu dituzte Arriola eta Pastor. Arriolak delegatu guztien botoak jaso ditu eta Pastorrek %77renak (aurreko kongresuan baino epelago daude Bizkaiko PSEko kideak Ortuellakoarekin: ia %20ko babesa galdu du).

Araban berriz, Txarli Prietok 15 botoko aldearekin lortu du berriz idazkari nagusi kargua. Sektore kritikoko Juan Carlos Alonsoren hatsa lepoan eduki du azken momentura arte eta agerian geratu da PSE-EEren zuzendaritzari herrialde horretan piztu zaion sutea ez dela itzali oraindik.

EAEko azken hauteskundeetako zerrendak osatu baino lehen eztabaida ugari egon zen prentsan, Arabako zerrenda alderdiaren aparatuko kideek berenganatu zutelako. Bost hilabete geroago, aparatu horren eta Alonsoren sektorearekin arteko arrakala amildegi bihurtzen ari dela pentsatzeko motiboak daude.