Prozesuak jarraituko du

  • Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016ko martxoaren 10an - 00:00

Itsuan idazten dudala aitortuko dut, irailaren 27ko hauteskundeak irabazi zituzten indar independentistak ituna erdiesteko gai izango diren jakin gabe. Lehendakaria hautatu, gobernua eratu eta Katalunian “deskonexioa” deitu izan den horri hasiera ematea ahalbidetuko luke horrek, Espainiako Estatuarekin goitik behera apurtzeko mediterraniar eufemismoa besterik ez dena. Gaitza, beraz, 2016an “Kataluniako prozesuaren nondik norakoak” aurreikustea, eta hau da ARGIAko editoreek jarritako enkargua.

    Gaitza bai, baina ez ezinezkoa, akordio eza estropezu handia balitz ere, gaur egunera ekarri gaituzten egiturazko faktoreak ez baitira desagertuko. Ene aburuz, Junts Pel Sí eta CUPen arteko negoziazioan jokatzen ari dena ez da prozesuaren arrakasta edo porrota, bere erritmoa, tonua eta estiloa baizik. Azkenean akordiorik bada, 2016a politikoki frenetikoa izango da eta gertakizun handiak ekarriko ditu, legezkotasunen talka erraldoiaren emaitza gisa. Aitzitik, Junts Pel Sí eta CUPek negoziazioak hautsi eta hauteskundeetara bagoaz, prozesuak atzera egingo du garai baterako, baina ez da hilko, seguruenik bere lurperatzaileek iragarriko duten bezala.

    Subiranotasunaren aldeko prozesuak izango duen jarraipena aurreikusteko aukera ematen diguten egiturazko faktoreei buruz ari nintzen, hala ere. Ikus ditzagun:

  

Eragin ahalmen handia duten eragile sozial eta politikoak sortu dira eta hedabide handiak dagoeneko ez dira gai agenda inposatzeko, garai batean bezala

 Lehena Estatuaren immobilismoa da, izan ere, prozesuaren izaera erabat erreaktiboa da. Estatutua ezer gutxitan utzi zuen Konstituzio Auzitegiaren (2010) epaiaren ondoren hasi zen soberanista bihurtzen gehiengoa duen katalanismoa. Eta hurrengo urratsean ageriko independentismora egin zuen. Hau ulertzea garrantzitsua da: katalanismoa umiliatua sentitu zen eta ez zen erreakziorik izan Estatuaren aldetik. PPk eta PSOEk ez zuten jakin –edo jakin nahi izan– egoera irakurtzen eta ez zuten beharrik ikusi epaian galdutakoa beste bide batzuetatik eskaintzeko, adibidez, eskumenak emanda. Umiliazioari gehitu behar zaio ondoren urrats bakarra ere ez ematea, eta horrek eragin zuen lehen mugimendu tektoniko handia katalanismoaren baitan.  

    Haren ondoren hurrengo danbateko handia etorri zen (2012), CiUk mahai gainean jarritako itun fiskala. Lurrikararen bigarren errepika eta plaka teutonikoen mugimendu berria katalanismoaren baitan. Geroago, erreferendumaren aukerari emandako ukoak (Erresuma Batuak Eskozian ahalbidetzen zuen bitartean) eta katalanismoaren sektore moderatuenek eskatutako hirugarren bidearen aurrean erakutsitako immobilismoak, lana borobildu dute: bost urteko denbora errekorrean, Espainiako Estatuak lortu du guztiz aldatzea nazionalismo katalanaren grabitate zentroa, autonomismotik independentismora. Badu meriturik.

    

Epe motz eta ertainean ez da espero aldaketarik Estatuaren jarreran. Datozen lau urteetan Espainiako politikan protagonista izango diren lau indarretatik bakarrak ditu egoera desblokeatzeko moduko planteamenduak, Podemosek

Beste hirurak erabat lerratuak daude botere faktikoekin eta haien arteko lehian bide daude espainolismoaren saria jasotzeko. Beraz, independentisten akordio ezagatik prozesuak atzera egingo balu ere, independentismoaren arrakastarako lehen baldintzak segurtatua dirudi: Estatuaren immobilismoa. Ez alferrik, gaur egun arte erabilitako argudioen artean indartsuena horixe bera baita, hau da, ez dela gutxieneko erakargarritasuna duen alternatibarik.

Erabakitzeko eskubidea, gizartearen hezur-muinean

Egiturazko bigarren faktorea doktrinala da. Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek. Lehenago ere aipatu dut “katalanismo berria” esaera eta honi buruz ari nintzen: paradigma berria sortu da, erabakitzeko eskubidea, eta joko zelaiaren erdigunean paratu da. Eliteek bulegoetan itunak egosi eta hauek komunikabideen bidez populazio apatiko batean barreiatzen zituzten garaiak amaitu dira. Herritarren adostasunik gabe, edo areago, nik esango nuke haien parte-hartze aktiborik gabe, dagoeneko ez da posible izango Espainia eta Kataluniaren arteko inolako itunik.

    “Beto gisako” horrek estimulurik gabe uzten du katalanismoaren elite politikoan atzera egiteko izan daitekeen edozelako tentaldi, haiek jakin badakitelako hauteskundeek paretik ken dezaketela herritarren onarpenik gabeko mailukada eman nahi duena. 2016an Kataluniako Gobernua edozein izanda ere, seguru ez duela ahaztuko puntu hori. Eta ahazten badu, hantxe izango da herri mugimendu soberanista gogorarazteko, hautestontzi bat eskuetan.

    Egiturazko azken faktorea Kataluniako gizartearen egitura sozialari lotua dago, honek jarraitzen baitu izaten estatuko modernoena eta irekiena, eta horregatik, elite politiko eta ekonomikoen ordezkapena sakonagoa da. Katalunian ohiko eliteek jarraitzen dute agintzen, baina gutxiago. Askoz gutxiago. Eta prozesu soberanistak ikusgarriago egiten du hori. Eragin ahalmen handia duten eragile sozial eta politikoak sortu dira eta hedabide handiak dagoeneko ez dira gai agenda inposatzeko, garai batean bezala. Beti itzal handia izan duten horiek askoz gutxiago eragiten dute. Nola azaldu bestela bankuak (La Caixa eta Sabadell) eta egunkari handiak (La Vanguardia eta El Periódico) aurka egonda independentismoak Legebiltzarrean gehiengo osoa eskuratzea?  

    Estatuaren immobilismoa, herritarren beto ahalmena eta eragin egituren apurkako ordezkapena hor daude. Ez dira 2016an aldatuko. Beraz, agian ez da horren garrantzitsua Junts pel Sí-ren eta CUPen arteko negoziazioa nola amaitzen den. Agian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


LOMCE
Hezkuntza hankaz gora jarri nahi izan duen legea

2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen... [+]


Eguneraketa berriak daude