35 urteko koofizialtasunaren ostean, euskararen egoera ez da normalizatu arlo judizialean. Soilik hogei bat epaile eta magistratu, eta beste hainbeste fiskal eta idazkari judizial dira elebidunak. Gutxiegi EAEko 150 bat epaitegietara hurbiltzen diren herritar euskaldunei erantzuteko.
Justiziaren arloan euskararen erabilera sustatzeko sortu zen abenduan Auzia euskaraz programa. Leihatilatik sententziaren publikaziora arte, urrats guztiak euskaraz egin ahal izatea da helburua. Nik ere euskaraz dioen kartel berdea aurkituko du EAEko epaitegietara hurbiltzen denak, funtzionario elebidunaren mahaian. Euskararen ezagutza funtzionario publikoen artean hazi den arren, igoera ez da nabaritu arlo judizialean.
Bake-epaitegietan eta bereziki euskara hiztun gehien dauden inguruetan, euskaraz hitz eta lan egiten da sarri, baina gainontzeko arlo judizialetan erabat urria da erabilera. Paperezko izapideetan, herritarrak bi hizkuntza ofizialetako bat erabili dezake. Euskaraz egiten diren deklarazioetan itzultzailea eskatzeko aukera dago, baina horrek asko luzatu ohi du prozesua.
Iñigo Santxo abokaturen esanetan, lanean hasi zenetik ez du inoiz ikusi gaztelaniaz defenditutako kasuren bat preskribatua izan denik. Euskaraz ordea, hiru aldiz gertatu zaio eta laugarren bat esku artean duela azaldu du. “Zailtasunik gabeko kasua da, 2008an ekin genion prozesu judizialari eta ahozko epaiketa irekitzeko zain gaude oraindik. Gaztelaniaz tramitatua izan balitz, aspaldi egongo zen kasua bukatuta”, kontatu du Santxok.
Prozesu judizialaren katebegiak
Profesionalek kate batekin konparatzen dute prozesu judiziala. Justizia Ministerioa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Eusko Jaurlaritza dira katebegietako batzuk, bakoitza bere arautegi linguistikoarekin. Botere Judizialarentzat gaztelania da hizkuntza ofiziala, eta gainontzeko hizkuntza ofizialak “bi aldeak ados badaude” erabiliko direla ezartzen du legeak. Adituen ustez, goi-karguetan euskaraz lan egiten ez den artean, ez da izango benetako aurrerapenik.