argia.eus
INPRIMATU
Protestei ekingo diete Santurtziko desjabetutako bizilagunek
  • Santurtziko AGR-207 elkarteko bizilagunek protestei ekingo diete berriro ere. 2007an euren etxeak bota zituzten eta oraindik etxebizitzarik gabe jarraitzen dute 27 familiak.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 17a
AGR-207 elkarteko bizilagunek protestei ekingo diete. (Argazkia: agr207.wordpress.com).

Konponbide bat nahi dute bizilagunek. Birpartzelazio proiektua geldirik dago berriro ere, elkartekoen esanetan Laboral Kutxa ados ez dagoelako. Udalak bizilagunen beharrei baino gehiago finantza erakundeen interes ekonomikoei kasu egiten dietela salatzen dute AGR-207 elkartekoek.

1995ean Santurtziko Udalak onartu zuen Hirigintza Planaren ondorioz, beren zoruan interesa zuen promotore batekin negoziatu behar izan zuten Mamariga auzoko bizilagunek. Jabyer Fernandez eta Carmelo Merino buru zituen promotorarekin adostasun batetara iritsi ezean desjabetuko zituela esan zieten.

2003an truke kontratua sinatu zuten promotorarekin. 2007an bota zituzten etxebizitza zaharrak eta oraindik ez dituzte berriak eraiki, 2011. urtean jaso behar zituzten arren.

Gainera, ordura arte jaso zuten 500 euro inguruko alokairurako diru-laguntza kendu zieten. Herri erakundeetatik inolako laguntzarik ez dutela izan salatzen dute bizilagunek.

AGR-207 elkarteak adierazi duenez, duela bi urte "konfiantza tartea" eman zioten Santurtziko Udalari. Egoera desblokeatzeko asmoz, kasuaren inguruko txostena egin zuen Udalak. Txosten horretan baieztatu zen proiektua ekonomikoki bideragarria zela. Pozez hartu zuten berri hori bizilagunek, proiektua gelditzeko arrazoi nagusia jasangarritasun ekonomiko eza izan baitzen.