Ekrem Imamoglu Erdoganekein lehiatzekoa da hurrengo presidentetzarako bozetan, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdiaren hautagaitzara aurkeztu den bakarra baita. Ustelkeria eta "terroristekin kolaboratzea" egotzi diote, eta bere atxiloketaren ostean piztutako protestetan 1.100 lagun baino gehiago atxilotu ditu Turkiako Poliziak.
Turkiako Poliziaren ehunka agentek inguratu zuten Imamoglu Istanbulgo alkatearen etxea asteazken goizaldean. Polizia-etxe batean atxilo eduki zuten igandera arte, eta orduan behin-behineko espetxealdia ezarri zioten ustelkeria eta "terroristekin kolaboratzea"leporatuta –Ankararen iritziz terroristak diren PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin eta KCK Kurdistango Herri Konfederazioarekin– . Atxiloketak herrialdeko politikaren etorkizunean duen eraginak eman du zeresana: ondo bidean, Imamoglu izango da CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa oposizioko alderdi nagusiaren hautagaia 2028ko presidentetzarako bozetan.
Atxilotu aurretik, sare sozialetara bideo bat argitaratzeko astia izan zuen Imamogluk: "Herriaren borondatea kolpatzen ari dira", adierazi zuen gorbata lotzen ari zen bitartean. Oposizioko aurpegi ezagunenarekin batera, Turkiako Poliziak ehunka lagun atxilotu ditu ustelkeriarekin loturiko operazio batean, bere esanetan: tartean, Istanbulgo hainbat barrutietako alkateak, politikariak, enpresariak eta kazetariak.
Gobernuak manifestazioak egitea debekatu zuen atxiloketaren ostean, baina herritarrek kasu gutxi egin diote aginduari: milaka lagunek Turkia osoko hirietako kaleak bete dituzte azken egunetan. Istanbulen igandean buruturiko mobilizazioak, esate baterako, milioi bat pertsona bildu zituen, CHPren arabera. Agenteek gogor egin zieten aurre manifestariei, etengabe euren aurka oldartuz eta piperbeltz espraia erabiliz: Barne Ministerioak emandako datuek diotenez, gutxienez 1.100 lagun atxilotu ditu Turkiako Poliziak istiluak piztu zirenetik.
"Estatu kolpea"
Ozgur Ozel CHPko presidentea Istanbulgo alkatearen atxiloketa "estatu kolpea" dela salatu zuen sare sozialetan: "Nazioak hurrengo presidentea libreki aukeratzea eragotzi nahi dute. Turkiak ez du amore emango, elkarrekin egingo diogu aurre". Igandean egin zituen oposizioko alderdi nagusiak 2028ko presidentetzarako bozetarako primarioak: sinbolikoki, une horretan espetxeratuta zegoen Imamoglu aukeratu zuten hautagai gisa alderdikideek. Bozkatu zuten 15 milioi pertsonen artean 13 milioi baino gehiagoren botoa jaso zuen, aurkeztu zen bakarra izanik.
2014 eta 2019 artean Istanbuleko barruti bateko alkate izan ostean, hiriko agintari izatera aurkeztu zen Imamoglu 2019an. Lehia estu baten ondoren ia 10.000 botoren aldearekin gailendu zitzaion Binali Yildirim AKPko hautagai eta herrialdeko lehen ministro ohiari. Gobernuak baliogabetu egin zituen emaitzak, ordea, eta bozak berriz egitea agindu: nabarmen areagotu zen Imamogluk jasotako babesa, ia bikoiztu egin baitzituen bere aldeko botoak, eta Istanbulgo alkate izendatu zuten. 25 urtez AKPren aginpean egon ostean, kolpe gogorra suposatu zuen Erdoganen alderdiarentzat porrot horrek.
Trikimailuak egin behar
Turkiako Konstituzioaren arabera, Recep Tayyip Erdogan egungo presidentea ezin da aurkeztu hurrengo presidentetzarako hauteskundeetara, bigarren legealdia betetzen ari baita, hau da, ezarritako gehiengoa. Halere, Erdoganek zenbait trikimailu baliatu ditzake konstituzioak araututakoa saihesteko: hauteskundeak aurreratu ditzake edota konstituzioaren erreforma bat proposatu, baina azken horretarako parlamentuaren bi herenaren babesa beharko luke –bere alderdiak, AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak, 600 eserlekuetatik 267 ditu–.
Izan ere, Imamogluren aurka ezarritako errepresioarekin nabaria da Turkiako Gobernuak bere etorkizuna kolokan ikusten duela. 2023ko maiatzean eginiko hauteskundeetan Erdogan orduko CHPko hautagai Kemal Kiliçdarogluri gailendu bazitzaion ere, inkestek bi alderdien arteko leiha estuagoa izango dela aurreikusten dute hurrengoetarako: urte hasieran ORC ikerketa enpresak eginiko inkestaren arabera, puntu bateko aldearekin irabaziko lituzke bozak AKPk. Are gehiago, azken egunetako protestekin eta Imamogluren hautagaitzaren onarpenarekin, egun inkesta ugarik CHPri ematen diote garaipena.