argia.eus
INPRIMATU
Trumpek Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu bidali ditu Los Angelesera, etorkinen sarekaden aurkako protesten aurrean
  • Donald Trump Etxe Zurira heldu zenetik, nabarmen areagotu dira ICE AEBetako Inmigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak etorkinen aurka eginiko sarekadak. Horren aurrean, komunitate latino handiena hartzen duen estatuan, Kalifornian, protestak piztu dira azken egunetan. Istiluek AEBetako eta Kaliforniako Estatuko agintarien arteko arrakala sortu du, eta Trumpek Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu bidali ditu.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 09a
Trumpen administrazioak bultzatutako etorkinen aurkako sarekadaren harira piztutako protestak, Los Ángelesen (Kalifornia). Daniel Cole / Reuters

Azken hilabeteetan ICEk etorkinen aurka eginiko sarekadek oihartzun handia izan dute mundu osoan zehar. Hain zuzen, azken egunetan protestak piztu dira Los Ángelesen (Kalifornia) sarekada horien eta ICEren aurka. Los Ángeleseko CNS hedabidearen arabera, ICEk hiri horretako hainbat merkataritza gune izan zituen jomugan joan den asteko asteazkenean, eta gutxienez 100 lagun atxilotu zituztela South Central, Boyle Heights eta Koreatown guneetan.

Sarekada horiek gertatu eta hurrengo egunean irten baziren ere lehen aldiz kalera protestan, manifestarien eta Poliziaren arteko istiluak ostiralean piztu ziren: Compton eta Paramount bezalako auzoetan, esaterako, manifestariek hainbat ibilgailu erre zituzten, baita hainbat dendetara sartu ere lapurtzera, eta Poliziak negar gasa erabiliz erantzun zuen. Orduan heldu zen Trumpen erantzuna: protesten aurka, larunbat goizean Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu mobilizatuko zituela jakinarazi zuen. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak ere Kaliforniaren hegoaldean dauden marineak mobilizatzearekin mehatxu egin zuen. 

Etxe Zuriko maizter bigarren aldiz izateko hauteskunde kanpainan, Donald Trumpek behin eta berriz hitzeman zuen presidentetzara heldu bezain laster "AEBentzako mehatxu diren etorkin ilegal guztiak" kanporatuko zituela. Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren arabera, urtarrilaren 20tik apirilaren 29ra 142.000 pertsona deportatu dituzte. Hain zuzen, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak ohar bat kaleratu zuen maiatzaren hasieran egoera hori salatuz. Ohar horretan, OHCHR-ko bozeramaileak adierazi zuen Trumpen administrazioak abiatutako deportazioek hainbat oinarrizko eskubide urratzen dituztela: atxiloketa arbitrarioetatik babesteko eskubidea eta legearen aurrean berdintasuna bermatzeko eskubidea, besteak beste.

Etxe Zuriaren eta Kaliforniaren arteko arrakala, agerian

AEBetako Alderdi Demokrataren gotorleku gisa ezagutu izan ohi da Kaliforniako estatua: 2024ko presidentetzarako hauteskundeetan Kamala Harris hautagai demokratak hogei puntuko aldea atera zion Trump errepublikanoari. Horrek eta herrialdeko komunitate latino handiena bertan bizitzeak –PPIC Politika Publikoen Kaliforniako Institutuaren arabera, bertako biztanleen %40 dira latinoak–, protestak piztu aurretik Etxe Zuriaren eta Kaliforniako Gobernuaren artean zegoen arrakala areagotzea eragin dute azken egunetan.

Gavin Newson Kaliforniako gobernadore demokratak Guardia Nazionala bidaltzearekin Etxe Zuriak "espektakulua" bilatu nahi duela adierazi zuen larunbatean. Gainera, ICEren sarekadak errazteko Trumpek hainbat lege moldatu edota paperik gabeko inmigranteen eskubideak murriztu ditu, baina horiek identifikatzeko eta atxilotzeko Kaliforniako agintariek gobernuarekin elkarlanean aritzeari uko egin diote urtarrilaz geroztik: esaterako, iazko abenduan Kaliforniatik senataria den Alex Padilla demokratak ohar bat kaleratu zuen, esanez gobernu federalak ezin dizkiola estatu bati legeak inposatu.