argia.eus
INPRIMATU
Protestak Arrasaten, Udalak onartu nahi duen “mozal ordenantzaren” aurka
  • Arrasateko eragile eta norbanakoek protesta egin dute Udalak indarrean jarri nahi duen “mozal ordenantzaren” aurka. Martxoaren 22ko osoko bilkuran onartu nahi dute pintaketa, kartel, pankarta, pegatina eta gisakoak erregulatzeko neurria.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 21a
Udalak onartu nahi duen ordenantza salatzeko murala egin du Arrasateko Ernaik. (Arg: Arrasateko Ernai)

Ostiralean, hilaren 18an, protesta ekitaldia egin zuten Arrasateko Plazan, herriko zenbait eragilek deituta. Ordenantzaren inguruko eztabaida irekitzeko eskatu dute, “inposizioen aurrean, moratoria eta eztabaida irekia ezinbestekoak” direla iritzita. “Adierazpen askatasuna ezin da ebatsi garbitasunaren izenean”, gaineratu dute. Martxoaren 22ko osoko bilkuran aurkeztera dei egin diete herritarrei, beren kabuz “gaia aztertu eta ondorioak atera” ditzaten.

Bestelako ekimenak ere burutu dituzte ordenantzaren aurka. Murala egin du Arrasateko Ernaik, “orain arte horma hori erabili dutenei gorazarre egiteko”. Arrasatearrek aldarrikapenak egin eta informazioa jasotzeko erreferentziazkoa duten horma hautatu dute horretarako.

Ordenantzaren bultzatzaileen esanetan, herriko gune publikoak “garbi mantendu” eta “giro atsegin bat sortzea” da xedea. “Adierazpen askatasuna eta errespetuan oinarrituriko bizikidetza” bultzatu nahi du arau berriak, Oscar Garcia Horrillo (PSE-EE) zinegotziaren esanetan. EAJk eta PSE-EEk osatzen dute udal gobernua.