Elkarretaratze jendetsua egun dute Barakaldon pasa den ostiralean herriko neska adingabe batek salatutako sexu erasoa arbuiatzeko. Astearte goizean udal bozeramaileak batzartu dira eta aho batez gaitzetsi dute erasoa. Arratsaldeko 18:00etarako beste manifestazio bat egingo dute Herriko Plazan, emakumeen aurkako erasoek herrian lekurik ez dutela argi uzteko.
Abenduaren 30an lau mutil adingabek sexu eraso bat egin ziotela salatu zuen neska adingabe batek Barakaldon. Trasteleku batean izan zen sexu erasoa eta salaketak zehazten duenez, jarrera oldarkorra adierazi zuten lau erasotzaileek. Kalean zebiltzan bi udaltzaini laguntza eskatu zien neska gazteak, eta zer gertatu zen kontatu ostean erietxera eraman zuten. Ertzaintzak oraindik ez du inor atxilotu.
Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak antolatu du lehen elkarretaratzea, eta babes sendoa erakutsi du herriak erasoaren aurrean. Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko gertakaria dela argi utzi nahi izan dute elkarretaratzean zabaldutako mezuan: “Gizarte honetan emakumeok bizi dugun diskriminazio eta menpeko paperaren ondorioa dira horrelako gertakariak eta berdintasunaren bidean lan gehiago egin behar dugu”.