argia.eus
INPRIMATU
Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen
  • Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak eta zeinentzat oztopoak". 

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 30
Pasa den astean aurkeztu zuten Los 40 Summer Live jaialdia Zarauzko malekoian. Zarauzko Udala

Los 40 Summer Live egingo dute Zarautzen ostegunean, eta ekitaldiaren kontra agertu dira herriko jaiak eta bestelako ekintza kulturalak antolatzen dituzten hainbat eragile.

Zarauzko Udalak hainbat urte daramatza ekitaldia egiten. Zarautz "mundu / Espainiako Estatuaren mailako turismoaren erakusleihoan" jartzen dutela, eta "betikoak" turismoari esker aberasten direla salatu du Danda Zarautz gazte asanbladak sare sozialetan. Diru partida "handiak" bideratzen dituztela ekitaldia ospatzeko, herriko jaiei eta haren eragileei eman beharrean. Azpiegitura, jaialdiak sortuko duen zarata eta okupatuko duen espazioari begira "erraztasun guztiak" jartzen, eta herriko eragileei oztopoak baino ez dizkietela jartzen salatu dute. 

Asteazkenean arratsaldeko 18:00etan daukate hitzordua eragile eta herritarrek, jaialdiaren aurkako argazki herrikoia aterako baitute Daman, Zarauzko malekoian, Los 40 Summer Live jaialdia ospatu bezperan, lekuan bertan.