The World's 50 Best Restaurants sari-banaketa galaren ataritan, The Chef's Feast ekitaldia egin dute astelehenean Atxondon (Bizkaia). Inguruko baserritarrek hainbat pankarta jarri dituzte “Diputazioak bultzatzen duen elitearentzako gastronomia ereduaren kontra”.
Asteartean Bilbon burutuko den The World's 50 Best Restaurants galaren aitzakian Euskal Herrira hurbildutako mundu osoko puntako sukaldariak Atxondoko haranean izan dira afaritan astalehenean, Etxebarri erretegian. Munduko “chef onenak” bildu dira bertan, afari pribatu batean.
Inguruko baserritarrek, EHKOlektiboaren izenean, hainbat pankarta jarri dituzte bertarainoko bidean. Bizkaiko Diputazioak bultzatzen duen gastronomia eredua jo puntuan, nekazaririk gabeko turismo gastronomikoa kritikatu dute eta baserritarrik gabe kalitatezko janaririk ez dagoela azpimarratu.