argia.eus
INPRIMATU
Protesta artean ekin du bidea Aiaraldearen etorkizun industriala jorratzeko mahaiak
  • Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaia osatu dute asteazken goizean Amurrioko Refor Enpresaldean, tokiko eragile politiko eta ekonomikoen parte hartzearekin. SOS Aiaraldea mugimenduak eta Maderas de Llodioko grebalariek protesta egin dute bilkura atarian, eta gutun bat eman diote Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiari.

Aiaraldea @aiaraldea 2025eko azaroaren 27a
Aiaraldea

"Aiaraldearen etorkizun industriala" bermatzeko mahaia eratu dute gaur goizean Amurrioko Refor Enpresaldean. Duela hilabete iragarri zuen hitzordua Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak, Maderas de Llodioko grebalariek erakundeen esku-hartzea eskatzeko egindako protesta olatu betean.

Ahaldun Nagusiak eskualdeko eragile politiko, sozial eta ekonomikeoi luzatu zien bertan parte hartzeko gonbita. Besteak beste, Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala, Amurrio Ferrocarriles edota Voestapline enpresetako buruak izan dira bilkuran, Amurrio, Laudio, Aiara, Artziniega eta Okondoko alkateekin eta Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza politikoa duten taldeekin batera. ELA eta LAB sindikatuek uko egin diote bileran parte hartzeari.

SOS Aiaraldeak deituta dozenaka herritar elkartu dira bilera atarian, tartean Maderas de Llodioko grebalariak. Azken urteetan itxitako lantegien izenak eskutan, instituzio publikoen "utzikeria" salatu nahi izan dute, burrunba zaratatsu batekin. Soinu banda horrekin ekin dio Aiaraldeko Garapen Industrialaren Aldeko Mahaiak hainbat hilabetez luzatuko den ibilbideari.

Gutuna Ramiro Gonzalezi

SOS Aiaraldea mugimenduaren ordezkari gisa, Maderas de Llodioko grebalariek gutun baten entrega egin diote Ramiro Gonzalezi bilera atarian, "eskualdeko langile klasearen izenean". Gutunean jaso dutenez, "mesfidantzaz" begiratzen diote gaurko bilkurari. Izan ere, defendatu dute "ezin dela etorkizunaz hitz egin oraina jokoan dagoenean".

Beharginek uste dute gaur estreinatutako mahaia "beste alde batera begira egon diren erakundeen aurpegi zuriketa" dela. Bidenabar, bilkura "berandu datorrela" eta "nahikoa ez" dela azpimarratu dute. Gaur egungo arazo eta gatazkei irtenbidea ematearen premia aldarrikatu dute entregatutako testuan, eta gaurko gai-ordenean egon beharko luketen lau gai zerrendatu dituzte, hauek jorratuko ez direla jakitun: kaleratzeak gelditzea, deslokalizazioak gelditzea, borrokaren kriminalizaziorik ez egitea eta inbertsio errealak gauzatzea.

Gutuna besapean zuela sartu da bilkurara Arabako Diputatu Nagusia, eta SOS Aiaraldea mugimendutik aldarrikatu dute borrokan eta protestan jarraituko dutela. Izan ere, herri plataformaren iritziz, mobilizazioari esker lortu dute "mugitu nahi ez zuten horien borondateak mugiaraztea", eta bide berean jarraitzeko apustua egin dute.

"Elkarrekin lan egiteko beharra"

Refor Enpresaldeko areto nagusian "elkarrekin lan egiteko beharra" aldarrikatu du Ramiro Gonzalezek, Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiari ongi etorri ekitaldian. Aiaraldeak eskualde industrial erreferente izateko osagaiak dituela azpimarratu du Gonzalezek, baina aitortu du ere "lehiakortasuna galdu duela".

Egoera hori eragin duten faktoreak zerrendatzerakoan lau aipatu ditu Diputatu Nagusiak: Altzairuaren eta tutu-industriaren dependentzia altua, nazioarteko gatazkak, industria modernizatzeko zailtasunak eta lur-zoru industrialaren gabezia.

Halaber, aitortu du ere historikoki "lan-erlazio konplexuen" eskualdea izan dela Aiaraldea. Eskualdean nagusi den "pesimismoa" iraultzea da Ramiro Gonzalezen nahia, eta horretarako "ekimen gehiago eta ekimen berriak" egiteko beharra aldarrikatu du.

Gaurko bilkuran "datozen hilabeteetan landuko ditugun oinarriak finkatzea" izan dute helburu nagusi. "Aiaraldeko egoera industrialari buruzko erradiografia partekatuko dugu, ibarreko industriaren egoerari buruzko diagnostikoa osatzen duten elementu nagusiak adosteko. Diagnostiko partekatu hori izango da proposatzen dugun lan ereduaren oinarria", azaldu die Ramiro Gonzalezek mahaiko parte-hartzaileei.