Txistea izan gura zuen zerbait idatzi nuen duela aste batzuk bertsolarien eta idazleen ustezko ezinikusiaz beste gai baten sarrera gisa; eta pita hartan korapilatu dira pare bat artikulu, Juan Luis Zabalak Berrian idatzitako “Nahi edo ez, haurride” erreportajea eta azkeneko ARGIA astekarian Inma Erreak publikatu duen “Euskal dualismoa (edo duelismoa)” iritzia.
Ez daukat intentziorik asuntoarekin jarraitzeko, baina uste dut Zabalak eta Erreak beste gai bat plazaratu dutela oharkabean: euskal kultura desproblematizatzeko daukagun joera.
Berriako artikuluan iritzi ugari jaso ditu Zabalak: lehiaren existentzia bera ukatu dute hainbatek; beste batzuek absurdotzat jo dute; eta kausen bila hasterakoan, “inbidia” da ageri den hitzik zehatzena. Titularrak berak nahiko argi uzten ditu gauzak, bestalde: “nahi edo ez”.
Inma Erreak berriz, mota horretako eztabaidak “euskaldunok hain kutuna dugun elkarren arteko auto-boikot arraro horren” seinaletzat jo ditu.
Bi artikuluetako ikuspuntu nagusiaren muinean dagoen ideia Monzonen “gerokoak geroko utzi” huraxe besterik ez dela iruditzen zait. Luzexeago formulatuta: “Euskaldunak gutxi gara eta ados egon behar dugu bestela gureak egin du”. Hobe behar kolektiboaren arrazoi hori asko erabiltzen da eta, euskal kulturari laguntzen ote dion ez dakit, baina aparta da eztabaidak tiraderan gordetzeko.
Ez da kulturan bakarrik gertatzen den zerbait, noski. Iñigo Astizek Baita hondakinak ere liburuari buruz solasean “gerokoak geroko utzi” lemaz esan zuena interesgarria iruditzen zait: “Eta zer da gerokoa? Harrikoa egitea da gerokoa? Orduan borroka oso bat uzten duzu alde batera, feminismoarena kasu horretan”.
Kasu honetan berriz, kultura baten erdigunea eskuratzeko borrokaren aukera baztertzen da —deitu borrokatxo, lehiatxo, kondar harrapaketa nahiago baduzue—: denak gara lagunak, ez dezagun elkar boikotatu, utzi gauzei beren bide “naturala” egiten.
Aizue eta, ez al da jokabide hori Espainiako Trantsizio Kultura (CT) buenrollistaren oso antzekoa?
[Artikulu hau Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean argitaratu da. Kulturari buruzko kontu gehiago bertan].