argia.eus
INPRIMATU
“Prezio duinen alde” protesta egin dute Nafarroako nekazariek
  • Produktuen salmentan jasotzen dituzten prezio baxuen aurka Iruñea hartu dute nekazariek UAGN eta UCAN sindikatuek deituta. Sindikatuak “oso pozik” azaldu dira jasotako babesagatik, eta abeltzainen zein nekazarien biziraupenerako politikak exijitu dituzte.

Maria Ortega Zubiate 2020ko otsailaren 19a
Prezio duinen aldeko protestak Iruñean.

Traktore eta guzti agertu dira nekazari asko, lanbidean errentagarritasuna lortzeko aldarriarekin. Salaketa nagusia “2020ko prezioak” ordaintzen dituztela, baina “1970eko irabaziak” dituztela izan da. Giro onean gauzatu da protesta, San Ferminei erreferentziaren bat ere eginez.

Protestako aldarri nagusia “prezio duinen” aldekoa izan da, lanbidearekin aurrera jarraitzea geroz eta zailagoa zaiela argudiatuz. Felix Bariain UAGN sindikatuko presidenteak lanbidea defendatzeko deia egin du eitb.eus-en egin dituen adierazpenetan: “Gizarteari esan nahi diogu nazkatuta gaudela beti galtzaile izateaz. Egoera hau aldatzen ez bada ez gaituzte errepideetatik aterako”.

Nafarroako nekazaritzaren egoera kaxkarra da. Hamalau urtean erdira jaitsi da nekazari eta abeltzainen kopurua, neurri handi batean prezio baxuengatik. Esportatzeko arazoak dituztela ere adierazi dute UAGN eta UCAN sindikatuek.