argia.eus
INPRIMATU
Presoen lehen gerturatze eskaerak ostiralean aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Euskal Herriko espetxeetara banaka hurbiltzeko EPPK-ko presoen helegiteak ostiralean aztertuko ditu Auzitegi Nazionalak.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 22a
Dispertsioaren aurkako mobilizazioa (argazkia: Oltzasarean.tk)

Sortuk auzitegiaren ezezko erantzuna espero duela adierazi du, eta ostegunerako mobilizazioak deitu dituzte herrietan.

Ostiraleko plenoak garrantzia berezia dauka aurrera begira jarraitu beharreko irizpidea ezarriko duelako. Hamaika eskaera aztertuko dituzte ostiralean, horien artean gaixo larria den Gaikoitz Arruarterena eta 70 urtetik gorakoa den Karlos Trenorrena.

Sortuko bozeramaile Amaia Izko eta Pernando Barrenak kalera ateratzeko deia egin diote jendarteari, presioa eginez prozesuko agente guztien inplikazioa lortzeko. “Elefante hau mugituko dugula sinetsi behar dugu. Euskal presoak Euskal Herrira ekarriko ditugu”.

Lehen ezezkoa, apirilean

Apirilean eman zioten lehen ezekoa Zaballako espetxera hurbiltzeko eskaera egin zuten 30 presoei, Presondegiko Zaintza Epaitegi Nagusian. Epaitegi hartako Reyes Jimeno Gutierrez epaileak adierazi zuen “dispertsioak ez dituela euskal presoen eskubideak urratzen”. Auzitegi Nazionalean aurkeztu zituzten helegiteak orduan EPPK-ko presoek.

Ostiralean Auzitegi Nazionalak eskaerei ezezkoa emango balie, Konstituzio Auzitegian errekurtsoak aurkezteko aukera izanen dute presoek. Azken pausua Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eramatea litzateke.