Euskal presoen gerturatzeak “jakina egongo direla”, adierazi du Espainiako Barne ministroak, “baina legediaren, objektibotasunaren eta bakarkako irizpideen arabera”. Gaiari buruzko zehaztasunik ez du eman Fernando Grande-Marlaskak, Espainiako Kongresuan egin duen agerraldian.
Sakabanaketa politika aldatu beharraz mintzatu da beste behin Grande-Marlaska, presoak euren herrira gerturatzea ez dela onura bat, legea betetzea baizik, eta profesionalak kasuak aztertzen ari direla jada, baina ez du inongo zehaztapenik eman ezta konpromisorik hartu.
Ematen den urrats bakoitzean biktimekin harremanetan jarriko dela gaineratu du, eta ez duela lekualdatzeei buruzko “kritika faltsurik onartuko, ezta biktimak helburu politikoekin erabiltzerik ere”.
Pedro Sánchezen Gobernuak espetxe politikan aldaketak iragarri zituenetik, bost izan dira Euskal Herrira gerturaturiko presoak: Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo (EPPK Euskal Preso Politikoen kolektibotik at), Alfredo Remirez, eta Altsasuko auziagatik kartzelaratu dituzten Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea (Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urruzola gerturatzea ere espero da).
“Noizko adierazpenekin bat datozen ekintzak?”
Ciudadanos eta PP alderdiek Gobernuari leporatu diote hurbilketa dela EAJri eta EH Bilduri ordaindu beharreko bidesaria. EAJ eta EH Bilduk berriz, gogoratu dute preso orori dagokion eskubidea dela senide eta ingurukoengandik gertu egotea, eta horretarako ez dela baldintzarik bete behar. “Noizko adierazpenekin bat datozen ekintzak?”, galdetu dio ministroari Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak.
Grande-Marlaskak emandako datuen arabera, 233 dira Espainiako Estatuko espetxeetan preso dauden euskal herritarrak, horietatik 203 lehen graduan.