argia.eus
INPRIMATU
Presoen argazkiak kentzen segiko du Aresek, Auzitegi Nazionalak esan arren horiek erakustea ez dela delitu
  • Larunbatean, Bilboko Txori Barrote konpartsako kideak absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak, presoen argazkiak erakustea berez delitu ez dela argudiatuta. Halere, Fiskaltzak helegitea jarriko dio epaiari, eta Rodolfo Ares Jaurlaritzako Barne sailburuak esan du Ertzaintzak argazkiak kentzen jarraituko duela.

2010ko urriaren 11

2008an, "terrorismoa goratu" eta "biktimak umiliatzea" egotzita, Alex Zuloaga, Gurutze Olagorta, Borja Irizar eta Aitziber Urrengoetxea Bilboko Txori Barrote konpartsako kideak epaituak izan ziren. Fiskaltzak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, eta Dignidad y Justicia elkarteak bina urteko zigorra; halaber, elkarte horretako presidente Daniel Porterok 12.000 euroko kalte ordaina eskatu zuen "aita hil zutenen argazkiak ikusteak eragindako kalte moralengatik".

"Ezin esan daiteke terrorismoa goratzen duenik ETAko presoen hurkoek haien aurpegien argazkiak txosnan erakusteak, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko edo Parot doktrina ez ezartzeko eskatuz, ez dagoelako froga zehatzik preso horiek goratzeko edo justifikatzeko nahia zegoela esateko", azaldu du Alfonso Guevara epaileak.

Dena den, Rodolfo Aresek esan du, Biktimen Legeak dioena betez, Ertzaintzak presoen argazkiak kentzen jarraituko duela eta ez duela Auzitegi Nazionalaren epaiarekin bat egiten.