Presoen aldeko elkartasuna irudikatu dute 11.000 lagunek Parisen

  • “Bakea Euskal Herrian, orain presoak” lemapean, 11.000 lagun batu dira Parisen arratsalde honetan. Euskal Herriko xoko guztietarik hurbildu da jendea eta guztien artean bete dute 10.000 manifestari biltzeko helburua. Alderdi eta kargu ezberdinetako hautetsiak ere egon dira, presoen aldeko elkartasunak biltzen duen aniztasunaren seinale.


2017ko abenduaren 09an - 17:08

“Finkatu helburu eta aurreikuspen guztiak gainditu ditugu” erranez borobildu du arratsalde honetan euskal preso politikoen alde Parisen egindako manifestazioa Anais Funosas Bake Bideako presidenteak. Orotara 11.000 lagun batu dira euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien bukaera exijitzeko. Hori baino gehiago, bake prozesuaren alde inplikatzea eskatu diete beste behin ere Frantziako zein Espainiako gobernuei. Euskal Herriko xoko guztietarik bertaratu da jendea eta guztien artean bete dute 10.000 manifestari biltzeko helburua.

Joaldunek bidea irekirik, jendarte zibileko eragileek eta hautetsiek osatu aniztasunak eraman du “bakea Euskal Herrian, orain presoak" lemadun banderola. Michel Tubiana eta Mixel Berhokoirigoin bake artisauak, Etxerateko Joana Haramburu, Florence Lasserre, Vincent Bru, Max Brisson, Frederique Espagnac, Jean Lassalle, Denise Saint Pé Frantziako parlamentariak baita Euskal Elkargoko buru den Jean-René Etxegarai eta Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko presidentea ere egon dira lehen lerroan. “Etxean nahi ditugu” mezua zabaltzen egon dira hauen atzetik Etxerateko kideak.

“Egia da horrelako momentu batek plazerra eta indarra ematen digula. Espero dut orain Frantziako Gobernuak entzunen gaituela eta gaurtik goiti gauzatuko dituela presoen alde doazen aldaketa batzuk", zioen Haramburuk manifestazio hastapenean. Bera egon da, halaber, manifestazio bukaerako hizlarien artean, presoen eta iheslarien arazoaren konponketa "premiatsua" dela erranik, "etxean eta bizirik" behar direla erranez bukatu du hitz-hartzea.

Fabienne Servan Schreiber zinegile ospetsuak bere aldetik “paradigma aldaketarako” deia luzatu zien Estatuei mikrofonotik, bakearen aldeko neurriak galdetuz. Bertan egondako gehienek Aieteko Adierazpena zuten gogoan, eta are gehiago, geroztik estatuen partetik egondako inplikazio-eza. “Aietez geroztik egondako isiltasun astuna irain gisa hartzen dugu”, erran du Jean-René Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak mikrofonotik. Izan preso erien askatzea, presoen hurbilketa zein baldintzapeko askatasunen lorpena, Frantziako Gobernuak eman beharreko urratsetan direla ohartarazi du Servan Schreiber ekoizleak: “Neurri hauek Frantziako legedian dira, legea bete behar dute!”.

Duela urte bat Luhusoko ekimenean egondakoak baita apirilaren 8ko ETAren armagabetzea ahalbidetu duten bake artisauak txaloz eskertuak izan dira ere: “Pauso hauek gabe, gaurkoa ez zen posible izanen”, Funosasen hitzetan. Oholtzan egon dira Tubiana eta Berhokoirigoin. Aitzina segitzeko determinazioa adierazi du Tubianak: “Ez dugu amore emanen eta ez dugu inor bazterrean utziko”. Frantziako Gobernuari ez ezik, Espainiakoari ere luzatu dio mezua Berhokoirigoinek: “Hemen gaude Paris mugiarazteko, baina Madrilek ere mugitu behar du”. Presoen alde urtarrilean Bilbon eginen den manifestaziorako deia luzatu dute oholtzatik.

Aldarriak ez dira soilik oholtza gainetik hedatu. Frantsesez zein euskaraz, presoen aldeko oihuak anitzak izan dira. Fermin Muguruzaren gisa, artista parrasta bat ere aritu da manifestazioko giroa berotzen.

Manifestazioa bukatu bezain laster, eguraldi hotza hor utzirik, karriketan gaindi abiatu da jendea. batzuk autobusa edota trena hartzera, beste batzuk, taberna barne batera berotzera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude