Elkarteak 1.243 euro itzuli beharko dizkio Gasteizko Udalari astelehen honetan udalak erabaki duenez, elkarteak bere aldizkarian auzoko hiru presori buruzko artikulua argitaratzeagatik, eta udalaren esanetan “terrorismoaren biktimentzat iraingarria" zelako.
Auzoko jaien bezperan sortu zen iskanbila, Gasteizko hainbat elkartek salatu zutenean auzo elkartearen aldizkariak biktimekiko artikulu iraingarria argitaratu zuela, auzoko hiru preso politikori buruzko artikuluan. Biktimen elkarteek eta udalak, halaber, gogor salatu zuten festetan presoen alde auzo elkarteak ustez antolatutako kalejira eta berau jaietako egitarauan agertzea. Ez zen, ordea, inongo kalejiraren iragarpenik festen programan.
Artikuluan ETArekin izandako harremanagatik espetxeratutako hiru preso politikoren soslaiak argitaratzen ziren, haien “konpromisoz beteriko ibilbidea“ azpimarratuz. Diego Ugarte, Xabi Agirre eta Roberto Lebrero dira presoak; Ugarte, esaterako, Fernando Buesaren hilketan parte hartzeagatik dago kondenatua. Artikuluan, halaber, preso hauen urruntzea salatzen zen, haien kaleratzea eskatuz. Gaur egun Granada, Toledo eta Sevillako espetxeetan dira hurrenez hurren.
Iskanbilaren ondorioz, Judimendiko Auzo Elkarteak publikoki adierazi zuen sentitzen zuela artikuluarekin norbait mindu bazuen eta bere begirune osoa agertu zien sufritzen ari ziren guztiei. Besteak beste, Fernando Buesa Fundazioari sentitzen zuela adierazi zion publikoki. Aldizkariaren banaketa ere eten zuen eta edizio digitaletik ezabatu egin zuen aipatu artikulua. Zalaparta handiaren ondoren, hala ere, festak egin egin ziren.
Auzo Elkarteak 10.105 euro jaso ditu aurten diru-laguntza gisa Gasteizko Udaletik. Udalak, hasiera batean diru-laguntza osoa kentzea aztertu zuen, baina azkenean, eta elkarteak atzera egin zuela onartuz, aldizkariaren kostua –1.243 euro– itzultzera behartu du asteleheneko ebazpenarekin.
Ondoko dokumentuan irakur daiteke auzo elkartearen aldizkarian argitaratutako artikulua: