argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Nazionalak ezezkoa eman die presoak banan-banan egiten ari diren hurbilketa eskaerari
  • Euskal presoak banan-banan egiten ari diren hurbilketa eskaera ukatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, presoak zein espetxetan egon behar duten esatea Espetxetako Erakundeen eskumena delako.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 31

Francisco Mujika Garmendiak egindako eskaerari erantzun dio Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentrala zuzentzen duen Reyes Jimeno epailearen autoak eta, Europa Pressek jakinarazi duenez, beste 30 euskal presok egindako hurbilketa eskaerei ere ezetzarekin erantzun zaie.

Jimenok argudiatu duenez, presoak espetxe batean edo bestean izatea Espetxe Erakundeetako eskumena da eta Espetxe Zaintzarako Epaitegiak bakarrik parte hartuko luke horretan presoen giza eskubideren bat urratuko balitz, eta epaileak ez du ikusten eskubide urraketarik kasu hauetan.

Euskal presoak 2014aren hasieran hasi ziren hurbilketa eskatzen, 2013aren amaieran Euskal Preso Politikoen Kolektiboak haien eskubideen aldeko ekimenak banan-banan eskatzen hasiko zirela iragarri ondoren. Erabakia historikotzat jo zen eta ongi baloratu zen eragile politiko gehienen aldetik, irtenbide kolektiboak baino preso bakoitzaren irtenbidea landu behar zelakoan. Oraingoz, Auzitegi Nazionalak eta Espetxe Erakundeek atzera bota dituzte presoek banan-banan bideratutako eskaerak.

Sare elkartearen erantzuna

Sare euskal presoen aldeko elkartearen esanetan, edozein presok du bere etxetik hurbil duen espetxetik gertu egoteko eskubidea, baina ez haiek bakarrik, baita haien senideek ere. Gogorarazi du, halaber, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hala ebatzi duela birritan: bata 2013ko urriaren 25ean Errusiaren aurka –Khodorkocskiy eta Lebedev auziak– eta bestea 2014ko urriaren 23an Ukrainaren aurka, Vintman auzian.

Azken honi buruzko azalpenak eman ditu Sarek: “Bere ohiko bizitokitik 700 kilometrora  espetxeratua zegoen ukraniar batek helegitea jarri zuen, 80 urteko amak zailtasunak zituen bidaia egin eta semea bisitatzeko, presoak hainbat helegite jarri zituen baina ezeztatuak izan zitzaizkion espazio falta eta presoaren portaera ezegokia zela argudiatuz”.

Gertaera hauek aztertuz, Estrasburgoko auzitegiak adierazi zuen presoa bere senideen ingurura ez hurbiltzeak amarekiko harremana galarazi ziola eta bizitza familiarrerako presoak duen eskubidea urratu zitzaiola, horrela Giza Eskubideen Europar Hitzarmenaren 8. puntua urratuz.

“Beraz –gaineratzen du Sarek– presoen eskubideak errespetatuak direla esatearekin ez da nahikoa, senideen eskubideak ere errespetatuak izan behar dira”.