argia.eus
INPRIMATU
Preso politikoei harrerak egitea debekatzen saiatuko dira berriz Espainiako Estatuan
  • PPk Senatuan proposatu du, gainera, euskal preso politikoek damua erakutsi behar izateko xantaia areagotzea.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko maiatzaren 23a

Espainiako Senatuan PP da nagusi, eta euskal preso politikoei begirako hainbat proposamen errepresibo egin ditu bertan berriki, Voxen babesarekin. Bi ekimen legal aurkeztu dituzte, batetik, publikoki presoei egindako harrerak (ongietorriak deiturikoak) debekatzeko, eta, bestetik, presoek barkamena eskatu dezaten xantaia larriagotzeko. Helburu horiek betetzeko, hainbat lege aldatu beharko lituzkete.

Presoei egindako harrerak debekatzeko, adibidez, aldaketak egin beharko lirateke hainbat lege organikotan, Zigor Kodean, Mozal Legean eta espetxe-araudian, Europa Press-ek jaso duenez. PPren arabera, "terrorismoaren biktimen irudia umiliazio eta eraso bidez biktimizatzea" ahalbidetu dezaketen "ekitaldi, kontzentrazio, bilera edo manifestazio guztiak" egongo lirateke jo-puntuan. Gainera, administrazio publikoak zigortu ahal izatea ere jasotzen du lege-proposamenak, aipatutako debekuak betearazten ez badituzte.

Bestalde, Hauteskunde Legea erreformatzea ere bada PPren asmoa, "terrorismoa" leporatuta kondenatu nahi dituzten pertsonei betebehar bat ezartzeko: hauteskunde-zerrenden parte izan nahi badute, frogatu egin beharko dute euren barkamena edo damua. 2024ko urrian ere saiatu ziren ekimen hori aurrera ateratzen, baina ez zuten Diputatuen Kongresuan onartu.

Dena den, barkamena eskatu behar izateko xantaia harago ere eraman nahi dute: kartzelan egonik gradu-sisteman aurrera egin nahi badute, preso politikoek modu "frogagarrian" erakutsi beharko dute damua; alegia, "uko egiten dietela egindako delitu-egintzei, damua agertzen dutela, berriz ekiteko borondatea baztertzen dutela eta argitzeke dauden delituak ikertzen eta antzeko delituak prebenitzen lagunduko dutela". Are gehiago: preso politikoak bultzatu nahi dituzte ikerketa polizialetan parte hartzera.

Senatuan PPk dauka gehiengo osoa, eta onartu egin dituzte proposamenak, beraz, horiek martxan jartzeko tramiteei ekingo diete. Gero, baina, Diputatuen Kongresuan onartu beharko dituzte. 2024an ere landu zituzten halako proposamen batzuk, baina atzera bota zituzten.

Ikerketa berriak

Aipatutako lege-proposamenekin batera, argitu gabeko ekintza armatuei (379 omen dira) buruzko ikerketa berriak abiatzea da PPren asmoa, hiru hilabeteko epean. Fiskaltzarekin eta polizia-indarrekin batera egingo lituzkete ikerketa horiek, eta ez litzateke kontuan hartuko kasuak preskribatuta dauden edo ez. Horretaz gain, PPk eskatu du aztertu dadila ea ETA erakundeko burutzat jotako militanteei ikerketapean dauden ekintzak leporatu ahal zaizkien edo ez, horien ardura leporatuta.