Kataluniako espetxeen eskumena daukan Generalitateak gaur jaso du Madrilgo Barne ministroaren komunikazioa: asteartean eramango dizkiete independentzia prozesua geldiarazteko Espainiak preso hartutako politikariak. Hedabideek zabaldu dutenez, Generalitatea beren senideekin bildu da presoak zehazki zein espetxetan kokatu familiekin batean erabakitzeko.
Tramite guztiak garaiz egitea lortzen badute, litekeena da bihar bertan -uztailak 3- Oriol Junqueras, Raul Romeva, Carme Forcadell, Dolors Bassa, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartek gaua egitea Kataluniako espetxeren batean, izan Brians 2 edo Quatre Camins.
Aldiz, luzexeago jo dezake Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Fornen hurbiltzeak; hauen kasua Pablo Llarenak berak tramitatu behar baitu. Bitarte horretan, zer gertatu zain daude Estremerako (Madril) presondegian.
Bestalde, ANC eta Omnium elkarteak ari dira lanean Llarena epaileak denentzako ezarritako 2 milioi euroko fidantzak ordaintzeko diru bilketan. Hau ordaintzeko epea ere bihar, uztailak 3, amaitzen baita.