argia.eus
INPRIMATU
Preso gaixoen eskubideen alde, giza kateak egin dituzte asteburuan
Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 29a
Gasteizen, Leizaola plazatik Justizia jauregirako bidea egin dute giza kateko parte hartzaileek (argazkia: sare.eus)

Gasteizen ehunka pertsona elkartu dira larunbatean giza katea osatzeko. Denen eskuak elkarri lotu eta Leizaola plazatik Justizia jauregirako bidea egin dute giza kateko parte hartzaileek.

Martxaren amaieran Sareko kideek adierazi dutenez, estatuek gizatasunik gabe jokatzen dute euskal presoekin, eta beren legediaren aurka, gainera: “Mediku asistentzia murriztuarekin, eta senide, lagun eta beraien inguru afektibotik urrun, salbuespen egoerari aurre egin behar diote euskal presoek. Estatuek modu sistematikoan urratzen dituzte giza eskubideak”.

Auzitegi Nazionalak lehengo astean Sare ikertzeko agindua eman ostean egin dute Gasteizko ekimena. Martxa hasi aurretik Sareko bozeramaile Amets Martinezek azaldu duenez, Auzitegi Nazionaletik mobilizazioa baimentzen duen autoa jaso dute, plataformaren atzean inolako “terrorismoaren goraipatzerik” ez dagoela argudiatuta.

Gasteizen ez ezik, Gernikan eta Oreretan ere mobilizazioak 

Gernikan ere manifestazioa egin dute larunbatean dispertsioaren aurka. Amaiera ekitaldian, Josu Bergara musikariak eta Jon Enbeita bertsolariak lagunduta, tresnak banatu eta artelan kolektibo bat osatu dute parte hartzaileek. Artelan zaharretik (gatazka) berrira (etorkizuna) pasatzen hasteko deia egin dute.

Bestetik, Oreretan 800 herritar elkartu dira Aitzol Gogorza bizilagunaren etxeratzea eskatzeko giza katean. Aitzol Etxera, Preso gaixoak askatu lemadun banderola eskuz esku pasatu dute Aitzolen gurasoengana iritsi arte, eta etxeko paretera igo dute lekukoa bere bi anaiek.