Hainbat ezezagunek Bizkaiko Foru Aldundiaren ibilgailu batzuk erre zituzten abenduaren 4an. Berria-ri jakinarazi diotenez, preso gaixoen askatasuna eskatzeko eta zentsura gainditzeko egin zuten erasoa.
Berria-k jaso duenez, ekintzaren egileek Frantziako eta Espainiako gobernuen jokabidea kritikatu dute, “egoera okerrenean dauden presoak errukirik gabe” tratatzeagatik. Presoak damutzea beste estrategiarik ez izatea leporatu diete Madril eta Parisi.
Halaber, euskal gizartearen epelkeriaren aurka azaldu dira. “Euskal Herriak ez du presiorako gaitasun nahikorik erakusten. Konfrontazio estrategiarik gabe bidegabekeria hauei ateak zabalik uzten dizkiegu”, adierazi dute.
Gaiaren inguruko zentsura salatu dute azkenik. Izan ere, “kritika zorrotza” egin diete presoen askatasunaren alde egonda haien borrokaldiei muzin egiten dieten guztiei. “Batzuentzat 100 egun baino gehiagoko borrokak ez du aipamenik merezi, eta ahal den guztietan ezkutatu egin dute preso gaixoen askatasuna eskatzeko zenbait kartzelatan txandaka egiten ari diren gose greba”.