argia.eus
INPRIMATU
Gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu dute Ondarroan
  • Larri gaixo dauden hamabi euskal presoak etxera ekartzeko eskatu dute larunbatean Ondarroan. 12:30ean hasita, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Gaixo dauden presoak etxera! lemapean kaleak bete dituzte herritarrek.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2014ko ekainaren 02a
Larriki gaixo dauden presoak lehen bai lehen etxeratzeko eskatu dute Ondarroan (Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza). Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eskatu dute Alamedatik abiatutako manifestazioan, eta zenbait iheslari politiko oihek hitza hartu dute, gerturatutako jendeari eskatuz ekainaren 14an Baionan egingo den Giza eskubideak, aterabidea, bakea ekitaldira joateko. 

Iparra Galdu Barik elkarteko kide Iera Arantzamendik eta larri gaixo dagoen hernaniar baten lagun Inhar Olanok oholtza gainean salatu dute eri dauden presoen egoera, eta exigitu dute salbuespen egoera honekin lehen bai lehen bukatzea.

Hauek dira Olanoren hitzak, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan irakur daitekeenez: “Gaixotasun larriak dituzten presoen egoera lan iraunkor baten beharrean aurkitzen da, bihartik aurrera ere. Herriz herri, auzoz auzo, sektorez sektore, eremuz eremu. Norbanako bakoitzak egin dezakeguna garrantzitsua da eta ezinbestekoa da. Txikitasunetik handitasunera dagoen ibilbide osoari, erabateko balioa emanez. Zu ere, gaixo dauden presoentzat beste oxigeno dosi bat izan zaitezkeelako”.

Momentu hunkigarriak utzi ditu Ondarroako mobilizazioak. Behean ikusgai Hamaika telebistak egindako bideoa.