Otsailaren 22an hasiko da Durangon 40 Minutu Rock jaialdia eta 23an bukatuko da. Landako gunean "kontzertu maratoia" egingo dute eta berariaz prestaturiko ikuskizuna ere izango da.
Bosgarren edizioa izango da aurtengoa eta ostiralean, otsailak 22, “Elkartasun dantzaldia” egingo dute hasteko. Bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimototxekin, hainbat eragile eta borroka batuko dituzte: hezkuntza komunitatea, mugimendu feminista, pentsionistak, musikariak, mendizaleak,osasun arloko langileak, bertsolariak, euskaltzaleak...
Ostiraleko egitaraua bukatzeko, 40 minutu iraungo dituen “Etxerako giltzak” ikuskizuna eskainiko dute: “Gotzon Barandiaranek koordinatuta, eta euskal dantzari, kantari eta bertsolari desberdinekin elkarlanean preso eta iheslarien gaira hurbildu gara. Denbora, distantzia eta ausentziaz arituko gara”. Alde batetik, dantzan, Ane Gabilondo eta Uribarri Atxotegi arituko dira. Bestetik, Ines Osinaga eta Mikel Urdangarin kantuan. Eta bukatzeko, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan.
Larunbatean, 10:30ean irekiko dute Durangoko Landako gunea eta egun osoko “kontzertu maratoiei” emango diote hasiera. Hesian, Nogen, Zea Mays, Esne Beltza, Huntza, IRA eta aurtengo kanta egin duen Bad Sound System taldeak igoko dira oholtzara, besteak beste. Barruko karpan, Gorpuzkingz, Gorka Suaia eta musika jartzaileak egongo dira.