Preso bat babesean hartu

  • Gabonetan gaude, garai hauetan jendearen bihotzak biguntzen dira eta gehiagotan gogoratzen gara gu baino egoera okerrago batean daudenekin, eta herrialde txiroetako umeak euro baten truke babesean hartzeko kanpainak biderkatzen dira, ez ordea injustizia egoera horiek iraultzeko ekimenak.


2017ko abenduaren 27an - 10:47

Eduardo Galeano idazle uruguaiarra zenaren arabera, “horizontala den eta berdintasunetik jarduten den elkartasunarekin gertatzen denaren kontra, karitatea goitik behera gauzatzen da, jasotzen duena umiliatzen du eta inoiz ez du ezta pixkatxo bat ere botere harremana aldatzen”. Ernesto Che Guevarak ere bi kontzeptu hauen artean ezberdindu zuen: “Gaur hemen aurrera eraman behar duguna, elkartasuna da. Ez dugu herriarengana hurbildu behar zera esatera: ‘Hemen gaude, gure presentziaren karitatea zuri ematera gatoz, gure presentziarekin irakastera, gure zientziarekin irakastera, zure akatsak, zure jakintasun eza, daukazun jakintza elementalen gabezia agerian uztera’”.

Gabonetan gaude, garai hauetan jendearen bihotzak biguntzen dira eta gehiagotan gogoratzen gara gu baino egoera okerrago batean daudenekin, eta herrialde txiroetako umeak euro baten truke babesean hartzeko kanpainak biderkatzen dira, ez ordea injustizia egoera horiek iraultzeko ekimenak. Horrekin batera eta sistemak ezartzen dizkigun balore katolikoen eraginez, gure karitate ekintzek gora egiten dute, nahiz eta ez gure kontsumismoa bezain beste.

Errepresaliatu politikoen egoera, ordea, urte osoan zehar dago herri honentzat presente, nahiz eta iruditzen zaidan azken urteetan egin duguna urte osoko borroka politikoaren egutegia 12 hilabeteko gabonetako karitateagatik trukatzea izan dela. Ez naiz errepresaliatuekin edozein lotura politiko edota familiarra duen inoren sentimenduei buruz hitz egiten ari, baizik eta niretzat guztiz okerra den gai honi heltzeko ikuspegi politiko hegemonikoaz.

Garai batean harrotasuna zena orain limosna eskatzearen oso antzeko zerbait bihurtu dugu, errepresioak eragiten dizkigun minak azpimarratuz eta gure borrokaren zergatia estaliz; oinarrian dauden arrazoiei heldu ordez gure egoeraren ondorioak azalduz jendeari pena eman nahian gabiltza, sentiberatasunari tira egitea errazagoa delako gure jarrera politikoak azaltzea baino.

Aski ezaguna da ez dela gauza bera bakea eta pazifikazioa, lehenengoa justizian oinarritzen den bitartean, bigarrenak inperialismoarentzat biolentziaren erabileraren monopolioa bermatzea helburu duelako

Gatazkaren ondorioen konponketan zentratzea berau sortzen duten arrazoietatik bereiziz, gaur eguneko egoera betikotzeko modurik onena da eta, ondorioz, herri eta klase moduan pairatzen dugun errepresioa betikotzekoa ere bai. Horrek ez du esan nahi helburuak lortu bitartean ez dugunik egoera latzenei irtenbide bat ematen saiatu behar, baina betiere prozesu politiko sakonago baten perspektiba galdu gabe. Horra hor adibidea, “Euskal presoak Euskal Herrira” kanpainaren finkatzea 90eko hamarkadan izan zen, gatazka bere gordinenean zegoenean, eta amnistia eta autodeterminazioaren helburu taktikoei uko egin gabe gauzatu zen.

 Norbaitek esango dit batzeko garaia dela, sentsibilitate ezberdinetako pertsonak jarri behar ditugula errepresaliatuen auzian lanean, ez daukagula indar nahikorik eta beste era batera saiatu behar dugula… Baina, benetan beste era batera egiteko modurik ba al dago? Nik esango nuke ezetz, ez behintzat proposatzen diguten alternatiba bakarraren ondorioa hau guztia hasi zeneko baino puntu okerrago batera itzultzea baldin bada.

Esan nahi dut, ba al dauka logikarik hainbeste urte eta gero egoera hasierako puntu berera eramatea baina gainera bidetik utzi dugun guztia galduta eta hainbeste errepresaliaturekin? Ba hori da, hain zuzen ere, giza eskubideen defentsaren aitzakiapean azken urte/urteetan presoen eskubideen defentsara batu direnetako batzuen helburua. Gainera sari bikoitza lortuko dute, Jainkoaren aurrean ez dutelako arima zurituko, baina bai iritzi publikoaren aurrean, errepresiorik gogorrena aplikatzen dutenen eta orain gutxi arte gatazka honetan haien aliatuak zirenengandik bereiziz.

Esaten ari naizenaren adibide argia utzi zigun Baionako Alkate Jean-René Etchegarayk baieztatu zuenean Gobernuari presoen hurbilketa eta gaixorik daudenen askatasuna eskatuko ziotela, “ez ahazteko, baizik eta preso arrunta gisa hartuak izan daitezen”.

Era berean, Eneko Etxegaraik Vincent Bru Errepublika Martxako diputatuari Berria-n egindako elkarrizketan, oso zehatzak diren bi galdera egin zizkion. Reau espetxean dauden EPPKko mintzaideekin Bruk izandako batzarra eta gero, hauek entregatutako dokumentuan gatazka ez errepikatzeko “modu bakarra” eragin duten “arrazoiei heltzea” dela adierazi zuten puntuari buruz galdetu zion: “…desarmatzearen ondoren, ahal bezain fite biktimen eta presoen galdera tratatu behar da. Hori da garrantzitsua, horretan zentratu behar dugu, eta ez da saiatu behar gauzen gibelarazten, konplikatzen”, erantzun zuen Bruk. Gatazka konpontzeaz ez du txintik ere entzun nahi, hori gauzak konplikatzea baita.

Kazetariaren hurrengo galdera: “Aralarrek ere apirilaren 8aren biharamunean zioen “bakea eraikitzeko eskubide demokratikoak onartu” behar direla, ETA “arrazoi politikoengatik” sortu baitzen, haren arabera”. Bruren erantzuna: “Hori borroka politikoa da; beren ideiak defendatzen dituzten alderdiak dira; beste alderdi batzuek ez dituzte ideia berak defendatzen. Gizarte demokratiko honetan, herriak du hitza eta erabakia, ez da eredu demokratiko bat inposatzerik”. Brurentzat eskubide demokratikoen onarpena inposizioak omen dira.

Analisi dialektiko batetik ezin diogu bakoitzaren jarrerari modu aseptikoan begiratu, ideologia edukiko ez balute bezala, eragile ezberdinek izan ditzaketen interes politikoak alde batera utzita, bakarrik faktore hauek kontutan hartuta ondorioztatu ahal izango dugulako “borondate ezberdinen” batuketa horretan benetan gure helburuen alde ari garen ala etsaiaren mesedetan.

Aski ezaguna da ez dela gauza bera bakea eta pazifikazioa, lehenengoa justizian oinarritzen den bitartean, bigarrenak inperialismoarentzat biolentziaren erabileraren monopolioa bermatzea helburu duelako. Eta Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin mantentzen duen gatazkaren une honetan, asimilazio kulturala eta sozialaren arriskua inoiz baino handiagoa da.

 Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin mantentzen duen gatazkaren une honetan, asimilazio kulturala eta sozialaren arriskua inoiz baino handiagoa da

Karitatearekin gertatzen den bezala, zeinean putre pilo ibiltzen den inguruan txiroaren zorigaitzetik etekina atera nahian, iruditzen zait errepresaliatuen ingurura ere sarraskijale gehiegi hurbiltzen ari dela azken garaietan hauen sufrimendutik etekin politikoa lortu asmoz. Ez harritu laster preso bat babesean har dezagun eskatzen hasten bazaizkigu mendebaldeko jende onaren gisara pentsatzen irakats diezaiegun, birgizartera daitezen. Dagoeneko presoen etsai historikoak izan diren hainbat politikari bihurtu da haien eskubideen “borrokaren” aldeko erreferente nagusietakoa. Zertarako? Eliza katolikoak karitatearen bidez egiten duen bezala, arazoaren ondorioetan zentratuz arazoa bera ahaztu dezagun, arreta giza eskubideetan jarriz gatazka despolitizatu dezagun.

Bada garaia argi hitz egin dezagun denok, bada garaia azaltzeko gure ezintasunaren aurrean helburuak lortzeari uko egin diogun eta horregatik “gutxieneko gaitzaren” teoria praktikatzen dugun, ala bestalde borrokan jarraitu nahi dugun bide zail hori ibiltzea askatasuna lortzeko modu bakarra dela ulertzen dugulako, argipen hori egiten dugun momentuan eztabaida beste parametro batzuetan kokatuko delako, borroka egitea merezi duen ala merezi ez duenekoetan zehazki.

Sendoa Jurado, preso politiko ohia.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude