argia.eus
INPRIMATU
Presio fiskala handitu nahi du Eusko Jaurlaritzak
  • Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo Radio Euskadin adierazitakoaren arabera, egun gutxitan gauzatu daiteke fiskalitatearen inguruan PSE-EE eta EAJ aztertzen ari diren ituna. Zerga sistema berraztertzea eta presio fiskala handitzea da helburua.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 03a
Erkorekak atzo eman zuen itun fiskalaren berri, Radio Euskadin. EITB

Erkorekaren hitzetan, "zerga sistema berraztertu eta hainbat atal ukituko dira. Presio fiskala handitzeko joera izango du oro har". Izan ere, "gaur egun euskal zerga sistema da baxuena inguruan indarrean dauden sistemekin alderatuta, batez ere Espainiako Estatukoarekin alderatuta".

Hala, enpresek ordaintzen dituzten zergak aztertzen ari dira bi alderdiak, baita gutxiago ordaintzeko gaur egun enpresei eskaintzen zaizkien kenkari eta hobari sistema. Azken finean, diru bilketa handitu beharra ikusten dute EAJ eta PSE-EEk, eta itun fiskalarekin gutxieneko diru bilketa bermatu nahi dute.

Gipuzkoan dagoeneko berraztertu dute sistema fiskala eta enpresa handiek gehiago ordaindu dezaten, enpresei kenkariak eta hobariak mugatzeko sistema landu du Diputazioak. Ondasun handien zerga ere onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EH Bildu eta PSE-EEk bultzatuta. PSE-EE eta EAJren arteko itun berriak Gipuzkoako zerga sisteman adostutakoa baldintzatu lezake.