argia.eus
INPRIMATU
AEB - Txina
Presa dago
Mikel Aramendi 2023ko otsailaren 05

Klasikotasunez jantzita ederragoa dirudielako edo, "Tuzididesen tranpa"deitu ohi diote aditu askok egungo Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Txinak, gero eta argiago, daramaten talka-joairari. Atenas eta Espartari gertatu omen zitzaien bezala, bat beherantz eta bestea gorantz, egitate bihur daitekeela bien arteko gerra, elkarren beldurra beste aparteko motiborik gabe, alegia.

Baina Mike Minihan jenerala ez da Tuzidides, baizik lau izarreko Steve Bannon bat, eta haren memoraduma ez da Peloponesoko Gerraren kondaira, baizik desideratum bat. Berak "intuizioa" deitzen duena. Baina 2025erako aurreikusten omen duen Txinarekiko gerra hori prestatzeko bere mendekoei agindu arranditsuak emanez janzten duena. Ezin esan desgogora dabilenik.

Ez dakit zer asmo zehatzekin idatz dezakeen goi arduradun militar batek horrelako zerbait. Eta, batez ere, nork eta zergatik eman dezakeen argitara papertxoa, hain zuzen, bere gainetik, adiera guztietan, dagoen Austin idazkaria inguru hartantxe tournée politiko-militar irristakorra egiten ari denean.

Baina MacArthur-Truman-Marshall aurrekari zuzenaz oroitzea ezinbesteko denez, deigarria egiten da Pentagonoak Minihan berehala kargugabetu ez izana, eta "hori ez dela departamentuak Txinari buruz duen ikuspegiaren adierazlea" esanez ase geratzea. "Oraingoz" edo "beste data bat darabilgu guk" osagarria falta zaiola esaldiari ematen du, kasik.

Kontua da –eta Minihanen ateraldiaren ondorengo egunotan gertatuak horixe berresten duela esango nuke– Estatu Batuetako elitean mainstream ikusmoldea bihurtzen ari dela Txinaren aurkako berehalako gerrarena. "Alderdi bien adosgunea" deitzen dutena. Duela bizpahiru urte, horren proposatzaile ausartenek erabili ohi zituzten mozorroak ("gerra kinetikoa", zioen Bannonek) erantzita. Gerra, esaten da orain, zuzen eta labur. Zergatik? Txinaren aurkako bestelako "gerrak" (informatiboa, ekonomikoa, kognitiboa...) porrot egiten ari direlako, maila batean edo bestean.

Eta berehalakotasun horri men eginez, ahalik azkarren izan dadin lasterketa moduko bat abiatu dela esango nuke. 2025ean esaten omen dio "intuizioak" Minihani; 2027an, diote beste batzuek; 2035 baino lehen, segurolagoek. Argi esaten ez dena, baina guztien adimenean dabilena da horren zergatia: AEBrena baino askoz apalagoa den, baina askoz azkarrago hazten ari den, gastu militarrarekin, Txina jada parekotasunera hurbiltzen ari dela praktikan. Eta keynesianismo militarrak gaur egun inon zentzurik izatekotan, Txina edo India bezalako lekuetan izango luke, ez Mendebaldean. Beraz...

Ez da Tuzidides strategos-a izan behar Estatu Batuetan presa dagoela ikusteko.