argia.eus
INPRIMATU
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza
  • Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch, Beñat Parra eta Xalba Ramirezek jaso dute Antton Mendizabalen garaikurra.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 31
Ezkerretik eskuinera: Xalba Ramirez, Andrea Bosch, Aizpea Aizpurua eta BeƱat Parra. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Arrazoi hauengatik izan da saritua Irutxuloko Hitza:

"Hedabide kontserbadore eta handienak gizartea bustitzen ari dira delinkuentzia txikiarekin lotutako informazio zirimiriarekin. Segurtasun faltaren ideia hauspotzen dute, munstro guztiei ateak irekitzeko batzuek erabili nahi luketen komodina. Eta horretarako izu soziala elikatu behar.

Diskurtso arrazistak, joera autoritarioak eta poliziaren indarkeria gora doazela ikusten ari gara batean eta bestean. Ez da Euskal Herriko arazo esklusiboa, eta gurean ez dago duela zenbait hamarkada bezain indartsu –gogoratu garai hartako “egunez uniformatuak, gauez inkontrolatuak” aldarria–. Baina gora dator, nazioartean ikusten den bezala, eta horrek bai, beldurtzen du, gizarte justuago baten alde dagoen edonor.

Eta eskuin muturraren aurka, zer egin? Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik? Gaur sarituko dugun hedabideak erakusten digu bidea. Posizio editorial garbia, elkarlana oinarri, auzoetatik hasita eta gaiari gertuko kazetaritza jarraipena eginda, nahiz eta horrek faxisten seinalamenduak eta mehatxuak eragin kazetariei".

“Urte bat baino gehiago daramagu ikusten jarrera arrazistak hazten arrazismoa ohikoa ez den tokietan, bereziki euskal giroan, eta joera horri aurre hartzea da tokiko kazetaritzak egin dezakeen ekarpen bat”. Eskuin muturraren gorakadari egindako jarraipenagatik Prentsako Argia Saria jaso du Irutxuloko Hitzak. Andrea Bosch eta Xalba Ramirez kazetariek azpimarratu dute kazetarien ardura dela kalean gertatzen dena kontatzea, eta halaxe egin dute Donostian ere. Entzun saria jaso berritan esandakoak: