Urriaren 24 eta 25ean sindikatuek grebak deitu dituzte Hezkuntzan eta Sektore Publikoan. Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra eta abenduaren 19an berriz ere Sektore Publikoan. Lau greba egingo dira ikastetxean bi hilabetetan, baina ziurrenik langileon asanbladarik batere ez. Gutako bakoitzak indibidualki erabakiko du greba egin ala ez: aukeraketa indibiduala eta askea… gure artean gatazkarik egon ez dadin.
Grebaren aldarrikapenak sindikatuek –subentzionatutako protestaren-profesionalek– bidaltzen dizkigute, protestaren lehentasunak aldez aurretik jada egituratuta, prefabrikatuta… hain da erraza; ez duzu ezer egin behar, guztia eginda dakarte. Egin beharreko bakarra da, menu batean bezalaxe, bata ala bestea aukeratzea, ala biak! “Niri 24koa gustatzen zait gehiago, hori egingo dut”. Huelga a la carta. Hau bai askatasuna gurea, hau zortea!
Uste al du norbaitek, prefabrikatutako eta subentzionatutako greba formatu honekin, benetako aldaketarik lortuko denik, langileon kontzientzia txarra isilaraztea ez bada?
Ikastetxeak mintegiburu bilera atzeratu du eta greba egun horietan zeuden bilera edo ebaluazioak atzeratuko ditu, bidea lautuz, gatazka egon ez dadin, noski.
Irakasleoi zuzendaritzatik galdetu digute greba egiteko asmoa dugun edo ez, eta ondoren galdetegiaren emaitzak gurasoei komunikatu zaizkie... gatazkarik egon ez dadin. Gero, greba egunean, manifara joango gara eta munizipalek bidea egingo digute, kotxeak geldiaraziz... gatazkarik egon ez dadin, badakizu.
Falta den bakarra ikastetxetik manifara taxi bat jartzea da.
Horretan bihurtu dira gaur egungo grebak eta asko aldendu dira jatorrizko grebaren zentzutik, non, besteak beste, gatazka, desordena eta kaosa sortzea ezinbestekoa zen. Egia esateko, greba egiteko modu honek plazebo hutsaren zantzu guztiak ditu; kontzientzia txarren aurkako plazeboa. Greba a la carta, baina hori bai, gatazkarik gabe, desordenarik gabe. Ez dut inolaz ere aditzera eman nahi greba egiteko nahikoa motiborik ez dagoenik, baina benetan uste al du norbaitek, prefabrikatutako eta subentzionatutako greba formatu honekin, benetako aldaketarik lortuko denik, langileon kontzientzia txarra isilaraztea ez bada? Gainbeheran dagoen ongizate-gizarte honetan, ez al dira langileon kontzientzia baretua eta aukeratzeko askatasunaren fikzioa benetan ezer aldatuko ez dela bermatzeko biderik eraginkorrenak?