PP

PPren familiako bost izen Rajoyren buruhausterako

  • Aste nahasia bizi dute PPn eta asteazkenean baino ez gaude. Alderdia uztea erabaki duten beteranoak, jendaurrean alderdia gogor kritikatzen duten buruzagi ohiak, isiltasun esanguratsuak… Espainiako eskuina kriki-kraka dabil Euskal Herriko eta Kataluniako egoerei nola aurre egin eztabaidatzen.


2014ko urtarrilaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Aznar, San Gil eta Oreja iaz, San Gilen liburu baten aurkezpenean (argazkia: El Mundo).

Azkeneko astean zeresana eman dute PPren familiako bost izenek. Hartu dituzten erabakiek eta egin dituzten adierazpenek Mariano Rajoy Espainiako presidentearen politikak ezbaian jarri dituzte.

Jaime Mayor Oreja eta Alejo Vidal Quadras

Aznarren presidente garaietan Espainiako Barne ministro izandako politikari donostiarrak uko egin dio Europako hauteskundeetan PPko zerrendetan agertzeari. Erabaki horrekin paraleloan, Europako Parlamentuko presidenteorde Alejo Vidal-Quadrasek PP utziko duela iragarri du eta Vox alderdi berrian izena eman du.

Mayor Orejaren erabakiaren atzean Rajoyk ETAren amaierari dagokionez har dezakeen jarrera egon liteke. Espainiako presidenteak eta EAEko PPko buru Arantza Quirogak Iñigo Urkullurekin biltzeko data azkartzea adostu dute urtarrilaren 11ko konponbidearen aldeko manifestazioaren ondoren. Mayor Oreja berriz, edozein negoziaziori uko egitearen alde dauden PPren sektoreekin lerratu izan da azken urteetan.

Vidal Quadrasen irteerari dagokionez, Kataluniaren independentzia prozesuan Espainiako Gobernuak “arriskuak onartu” dituela adierazi du erabakia justifikatzeko. Beste motibo batzuk ere seinalatu ditu: ETArekin negoziatzeari buruzko jarrera, zergen igoera eta Espainiako botere judizialeko karguen banaketa, adibidez.

María San Gil eta Consuelo Ordoñez

EAEko PPko presidente ohiak adierazpen gogorrak egin ditu asteon alderdiaren kontra. “ETA, Batasuna, presoak, Sortu, Bildu eta gainontzeko etarren ingurunearekin” EAEn bizi den “amesgaiztoa onartzea” leporatu die PPko egungo buruzagiei.

Adierazpenak Gregorio Ordoñezen omenaldian bistaratu zen zatiketaren ondoren datoz eta Coviten, EAEko ETAren biktimen elkartean, gertatu den zatiketari lagunduz. Elkarte horretako presidente Consuelo Ordoñezek, Gregorio Ordoñezen arrebak, UPyD alderdiaren aldeko adierazpenak egin ditu PPtik urrunduz eta joan den astean Donostiako Polloe hilerrian egindako omenaldian hizketaldi deserosoa izan zuen Iñaki Oyarzabal EAEko popularren idazkari nagusiarekin.

Jose Maria Aznar

Espainiako presidente ohia ere batu da Rajoyren aste honetako buruhausteen zerrendara. Aznarrek ez du parte hartuko asteburu honetako alderdiaren konbentzio politikoan nahiz eta PPk bere parte hartzea segurutzat jotzen zuen (programan haren hitzaldi bat aurreikusita zegoen).

Aznarrek bidaia bat jarri du kale egiteko aitzakia gisa, baina El País egunkariak alderdiko hainbat iturri aipatuz argitaratu duenez, “arrakala handiak” daude Aznarren inguruak ordezkatzen duen PPren eskuineko sektoreen eta Rajoyren eskutik dabiltzan buruzagitzako kideen artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: PP
PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzitan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2023-11-13 | ARGIA
Milaka eskuindar eta ultraeskuindar bildu dira PPk eta Voxek deitutako protestetan

Pedro Sánchezen eta Amnistia Legearen aurka antolatu dituzte manifestazioak, “espainiarren berdintasuna” aldarrikatzeko. Hego Euskal Herriko jendetsuena Iruñekoa izan da: 6.000 elkartu dira. Bilbon gizon bat atxilotu dute eta beste hiru identifikatu.


Euskadiko PPk kongresua egingo du azaroan, eta Iturgaizek kargua utziko du

Sei urteko atzerapenaren ondoren, "kongresu demokratikoa" egingo du Euskadiko Alderdi Popularrak abendua heldu baino lehen. Laura Garrido eta Javier de Andrés dira hautagaiak.


Eguneraketa berriak daude