argia.eus
INPRIMATU
Werten erreformak ez du PPren babes osorik
  • Adostasun ezak, finantzazio arazoek eta eskumen gatazkek Espainiako Gobernuaren hezkuntz erreforma arriskuan jartzen dute, J. A. Aunión kazetariak El País-en nabarmendu duenez. Autonomia Erkidego ugari azaldu da Werten erreformaren aurka, baita PPren esku dauden zenbait ere.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko otsailaren 11
José Ignacio Wert, Espainiako Hezkuntza ministroa.

Zapateroren Gobernuak 2006an onartutako Hezkuntza Lege Organikoa (LOE) aldatuko du PPk. Ahalik eta azkarren aldatzeko asmoa zuen, baina tramiteak atzerapenak jasan ditu, autonomia erkidego askok erreforma arbuiatu egin dutelako. Wert-ek erreformaren puntu batzuk aldatu behar izan ditu, baina hala ere ez du lortu PPren esku dauden erkidegoak guztiz asetzea. Posizio ideologikoagoetara egokitu du testua, baina legea aldatzeak izango lukeen kostuak PPko kontseilarien desadostasuna ere sortu du. Hezkuntza Ministerioaren arabera, hiru urtean 408 milioi euro bideratu beharko ditu Gobernuak, eta erkidegoek 927 milioi euro, hasieran aurreikusi baino bost bider gehiago. Batzuek diote, gainera, zifra hori handitu egingo dela.

Eskola-uzteen tasa jaistea xede

Erreforma aurrera eraman ahal izateko Espainiako Estatuko eskola-uzteen tasa (%26,5ekoa) Europako Estrategiak zehazten duen %15era murriztu behar da, eta horrek ekarriko lituzkeen kostuen parte bat erkidegoen gain utzi nahi du Gobernuak.

Wertek esan du kalkuluak doitzeko batzorde bat sortuko duela, baina erreformaren testua ez du aldatuko. Soraya Sáenz de Santamaría Espainiako presidenteordeak adierazi du legea ziurrenik ez dela 2014a baino lehen onartuko, negoziazio prozesu luzeak gainditu beharko direlako, El Paíseko kazetariak dioenez.

Estatu Kontseiluak txosten bat landuko du orain. Bi hilabete inguru eman ditzake horretan. Ondoren, Ministroen Kontseiluak Kongresura pasako den behin-betiko testua onartu beharko du. Hezkuntza Ministerioak ez du argitu hori noiz gertatuko den. Sáenz de Santamaríak esan du urte erdialdera eramango dutela, baina PSOEk uste du apirilean helduko dela testua Kongresura, eta Gobernuaren helburua datozen asteetako protestak geldiaraztea izan litekeela.