Jorge Trías Sagnier PPko diputatu ohiak azaldu du nola ordaintzen zitzaizkien alderdiko buruzagiei 10.000 euroraino iristen ziren gainsoldatak eskudirutan, gaur El Paísen argitaratu den artikulu batean.
“Nik jakin ahal izan nuenaren arabera (…) gutun-azalak entregatzen ziren esku dirua barruan zutela, buruzagien soldataren osagarri gisa” azaldu du Trías Sagnierrek. 1996ik 2000ra bitartean izan zen diputatu Trías eta urte haietako PPren barne-funtzionamendua azaldu du artikuluan.
Bere esanetan, PPko diputatu eta buruzagi gehienek ez zuten halakorik jasotzen. Artikuluan aipatzen du posible dela ondorengo buruekin (Cospedalekin eta Rajoyrekin alegia), praktika horiek amaitu izana, baina edozein modutan, kontua argitu beharko litzatekeela.
Joan den astean argitaratu zen Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Suitzan zeuzkan kontuetan 22 milioi eurora arteko diru-mugimenduak aurkitu zituztela eta geroztik urak nahasita datoz Madrilgo Genova kalean. Mariano Rajoy bera zikindu du kasuak, baita PPren buruzagitza osoa ere.
Tríasen artikuluak gainsoldaten afera alderdiaren finantzazioarekin lotzen du eta gogora ekarri du bera diputatua zen garaian Espainiako Estatuan baimenduta zegoela alderdi politikoei modu anonimoan dirua ematea. “Horrela finantzatzen ziren (…) ia alderdi guztiak, eta horrek ateak zabaltzen zizkien mota guztietako ustelkeriei”.