“Sare sozialetako profil eta kontuen atzean nortasun bat egotea nahi dugu eta erabiltzaileek jakin dezatela identifikatuta daudela”. Hitz horien bidez iradoki du Rafael Hernando PPren Espainiako Kongresuko bozeramaileak sare sozialetan anonimotasuna errotik kendu nahi dutela. Hau da, internet sarean dabilen ororen identifikazioa kontrolpean izan nahi du, NAN zenbakia barne.
Profil ezezagunetatik egiten diren “delituekin” amaitzea da alderdi popularrak neurri berria ezartzeko erabili duen argudioa. Ez du lege izaerarik, momentuz ideia bat baino ez baita. Dena dela, delitugilea begiz jota edukitzeko, edozein plataformetan izen eman aurretik erabiltzaileek euren NAN zenbakia ematea proposatzen du Hernandok, “anonimotasunetik joka ez dezan”, eta neurria betetzen ez duenari, interneterako sarbidea galarazteko prest legoke.
NBEk behin eta berriro errepikatu du anonimotasuna oinarrizko eskubidea dela, adierazpen askatasunaren eta askatasun ideologikoaren mesedetan.
Públicok jaso duenez, alderdi popularraren asmo berriak zeresana eman du sarean. Besteak beste, ustelkeria kasuetan anonimotasuna “ederki defendatzen” dutela leporatu die hainbat erabiltzailek eta jada edozein erabiltzaile identifikatzeko nahiko medio badituztela gogorarazi diete.