PPk orain dio ez duela EAEko aurrekontuen aurkako errekurtsorik jarriko

  • Javier de Andrés Gobernuko ordezkariak esan du Espainiako Estatuko Gobernuak ez diela errekurtsorik jarriko EAEko aurrekontuei. “Erkorekak badaki hori ez dela egia”, adierazi du, eta esan du 155. artikuluaren “aitzakia” motz geratzen ari zaiola EAJri: “Estatuko Aurrekontu Orokorrak ez onartzeko aitzakien bila ari dira”.


2018ko martxoaren 28an - 12:43
Iñigo Urkullu EAJko burua eta Mariano Rajoy PPko burua (Arg: El Confidencial)

Testuinguru horretan egin ditu adierazpenak Onda Vascan Javier de Andrések eta jakinarazi du aurrekontuen gaia negoziazio batzordera eraman dutela, beste gai askorekin egiten den moduan, eta normalean, batzordera iristen diren gai gehienak auzitegietatik pasatu gabe ateratzen direla aurrera.

EAJk behin baino gehiagotan adierazi du ez duela PPrekin negoziatuko Katalunian 155. Artikulua indarrean dagoen bitartean, baina Javier de Andrésen esanetan, hori aitzakia gisa ari da erabiltzen EAJ.

Espainiako Estatuko Gobernuak Ministro Kontseilua egin zuen asteartean, eta aurrekontuen lege egitasmoa aurkeztu da bertan. Ciudadanoseko presidente Albert Riverak aurrekontuen aldeko jarrera agertu du, baina EAJk esan du 155. artikulua indarrean dagoen bitartean ez dituela aurrekontuak negoziatuko PPrekin.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak asteartean jakinarazi zuen Mariano Rajoyren gobernuak errekurtsoa aurkeztuko duela Euskadi 2018 Aurrekontuen Legearen aurka, Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuz. Erkorekaren esanetan, Rajoyren “mehatxuak” ez du “elkar ulertzea” laguntzen Estatuko Aurrekontuen onarpenari begira. De Andrések, ordea, Jaurlaritzako bozeramailearen hitzak gezurtatu berri ditu.

Aurrekontu Legearen bi artikuluren aurka egin du PPren gobernuak, “konpetentzien gehiegizko mugaketa” eragiten dutela iritzi duelako, eta EAEko aurrekontuak onartu zirenean Espainiako Estatuko 2018ko aurrekontuak ez zeudelako ezarrita. 2018. urteko aurrekontua EAJren, PSE-EEren eta PPren botoei esker onartu zen. Hain zuzen ere, langile publikoen ordainsariei ezarritako igoera arautzen duten 19. eta 20. artikuluak gaitzetsi ditu Rajoyk. Artikuluotan jasotzen da aurten funtzionarioen soldataren %1,5eko igoera, eta, horrekin batera, Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde publikora (BGAE ) soldataren %1aren pareko ekarpena egitea.

Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE) asteon argitaratu du PPren gobernuak Estatuko funtzionarioekin hitzartutako ituna: datozen hiru urteetan soldatak %1,5 igoko direla aurreikusten dira bertan, eta %2,25 arte igo litezke, Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundearen arabera.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aurrekontuak
6.355 milioi euroko aurrekontua lantzen ari da Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua: 6.355 milioi euro. Horietatik 520 milioi finantza gastuetara bideratuko dira (%8,18). Orain arteko aurrekontu handienak dira.


EAEko aurrekontuak onartu dituzte EAJk eta PSEk, oposizioaren zuzenketa bakar bat ere kontuan hartu gabe

EAJko ordezkari Alaitz Zabalak adierazi du oposizioak ez duela konfiantzarik bere zuzenketetan.


2023-01-15 | Mati Iturralde
Zenbakiak

2023ko atarian, 2022ko zenbakiek protagonismo berezi bat hartzen dute; izan ere, urte aldaketarekin batera, beti saiatzen gara kontagailua zeroan jartzen. Errealitate likidoen aroan, zenbakiek ere gure aditasunetik desagertzen dira ―askotan izugarrizko abiaduraz―,  eta... [+]


2022-12-22 | Ahotsa.info
Nafarroako 2023rako aurrekontuek ez diote gizartearen pobretzeari aurre egiten, Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez

Eskutitza osatzen duten erakundeek kontzentrazioa egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Aurrekontu hauei ez! Pobretzearen aurrean, erreforma fiskala lelopean.


Nafarroako inoizko aurrekonturik handienek ia erabateko adostasunez pasa dute zuzenketa fasea

Abenduaren 22an onartuko dituzte Nafarroako Gobernuko 2023ko aurrekontuak. Navarra Sumak izan ezik, gainerako alderdiek elkar zoriondu dute Legebiltzarrean erakutsitako adostasunagatik. Historiako aurrekonturik handienak izango dira Foru Erkidegoan: 5.749 milioi euro, 2022an... [+]


Eguneraketa berriak daude