argia.eus
INPRIMATU
PPk irabazi ditu hauteskundeak Espainian, eta ultraeskuina nabarmen igo da
  • Inkestek esandakoa gutxi gorabehera bete da 23:00etan emandako datu ofizialetan. PPk irabazi ditu hauteskundeak, 22 eserlekurekin; eta PSOE atzetik, 20rekin.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko ekainaren 10

Espainiako Estatuko autonomia erkidego guztietan irabazi du PPk, salbu eta Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Kanariar Irletan. Horietan guztietan PSOE gailendu da, erkidego horietako probintzietan ere bai, salbuespen hauekin: Gipuzkoa –EH Bildu barne doan Orain Errepublikak gailendu da–, eta Kataluniako Lleida eta Girona –Juntsek irabazi du horietan–.

Espainiako Alderdi Popularra 2019ko emaitza txarretatik zetorren, eta espero bezala igo egin da, %20tik %34ra. PSOEri irabazteko nahikoa, baina ez bereziki alde handiz –%4ko diferentzia boto-portzentaian–. Emaitza ofizialen zain, Espainiako irrati eta telebista tertulietan PPko ingurugirokoek hauspotu dute PPk PSOEri alde handia atera ahal zion ideia, eta horrekin, iradokiz, Sánchezek Macronen bidea hartu behar zukeela –hauteskundeak deitzea, alegia–. Baina ez da hainbesteko alderik egon, eta PP indartuta atera bada ere, PSOEk eutsi dio bereari. Ikusita Europan gertatu dena, nola agintean zeuden presidente edo lehen ministroek dimisioa aurkeztu duten ultraeskuinak eman dien kolpea medio, Espainiako Alderdi Sozialistak eutsi egin dio batailari.

Ultraeskuina, bogan

Izen batekin baino gehiagorekin aurkeztu da, ez da Europako beste hainbat lekutan bezalaxe izan, eta akaso horrek eragin dio hainbeste ez luzitzea, ez baita Europan bezainbeste hazi. Baina puztu egin da.

Voxek baditu motiboak pozik egoteko, Europa mailan bere lagunek igoera oso handia izan dutelako, Italian zein Alemanian, eta, berari dagokionean, 4 eserlekutatik 6ra igo da –%6tik %9ra–. Lehia "disidente" bat ere izan duela aintzat hartu behar da: Se acabó la fiesta (Festa amaitu da, euskaraz) alderdi berria sortu baita, Alvise Pérez eskuin muturreko youtuber-aren "mugimendua". Programa politikorik ez duen talde berri horrek 800.000 boto lortu ditu Espainian, eta 3 europarlamentari izango ditu datozen bost urteetan Europan.

61 ordezkari joango dira Espainiako Estatutik Europako legebiltzarrera, eta horietatik 31 eskuinekoak izango dira, PP, Vox eta Se acabó la fiesta-koak. Ezkerreko blokean, edo egungo Espainiako Gobernuari eusten dioten elkarketaren artean, 30 dituzte. 

Alvise Pérez.

Podemosek baino 200.000 boto gehiago

Alvise Pérez influencer-ak Podemosen aktiborik indartsuena den Irene Monterok baino 210.000 boto gehiago lortu ditu, eta hori notizia da, bereziki ikuspegi soziologikotik aztertuta Espainiako boto-emailearen profila. Feminismoaren ikur instituzionalaren buru izan zena, Sumarrek eta Yolanda Díazek "boikot egin" ziena, isilpean egon ondoren lehen lerrora itzuli da, indartsu, Pablo Iglesiasen laguntzaz, biak bandera morea jantzita. Baina indar gehiago du, antza, sare sozialetatik gezurrak besterik zabaltzen ez dituen profil batek.

Trumpismoaren adibide espainiarra da Alvise Pérez, era berean Italiako Movimento 5 Stelle-ren antzekotasuna ere baduena. Sare sozialetako troll baten pare, "politikari guztiak ustelak dira" esatetik harago ez doan diskurtsoa darama Alvise Pérezek, eta proposamenik ez du egin osterantzean. "Hedabideen adierazpen askatasuna" defendatu du, bere esanetan, eta ikuspegi ultraeskuindarretik jakina, Sánchezek eta Espainiako Gobernuak ez duelako prentsa askatasuna bermatzen.

Sumarrek lortu ditu Alvise Pérezek baino 10.000 boto gehiago. Sumarren eta Podemosen artean 1.500.000 boto lortu dituzte, eta badira horiek boto batzuk, baina Voxek baino gutxiago dira.