argia.eus
INPRIMATU
PPk ez du errespetatu etxegabetzeak ekiditeko Herri Ekimen Legegilea, PAHren arabera
  • PPk Herri Ekimen Legegilea (HEL) desitxuratu duela salatu du Hipotekak Kalteturiko Plataformak (PAH gaztelaniaz). Plataformaren ustez, ostiralean PPk Espainiako Parlamentuan aurkeztutako proposamenak ez ditu aintzan hartzen herri ekimenean adostutako puntuak. Horregatik, gizarte larrialdi egoera hau baretzeko, HELa guztiz bideratzeko eskatu dute komunikatu batean.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 11
PAHk banku batean egindako protesta (Argazkia: eldiario.es)

Hiru helburu nagusi ditu PAHk aurkeztutako HELak: etxearen truke zorra barkatzea, hipoteka zordunen ohiko etxeen etxegabetzeak gelditzea eta kaltetutako pertsonak alokairu sozialaren bitartez etxebizitza mantentzea.

Komunikatuan salatu dutenez, PPk bere proposamenean hiru eskakizun horiek hutsaldu ditu. PAHren arabera, zorra kitatzeko ezinezko sistema aurkeztu dute, eta etxegabetzeak gelditzeko baldintzek pertsona asko uzten dituzte kanpoan. Esaterako, “hiru urte baino gutxiagoko seme-alaba bakarra duen familia baten kaleratzea geratuko lukete, baina ez bost urteko bi dituen batena.” Alokairu sozialari dagokionez, PPk ez du aukera aztertu ere egiten.

PAHk adierazi du hipoteka exekuzio prozesuak kaltetuta dauden pertsonak iraindu dituela PPk, eta modu horretan onartzen bada “milaka eta milaka herritar pobreziara eta bazterketara kondenatuko” dituela.

Eskakizunak bete arte, PP presionatzen jarraituko duela azpimarratu du PAHk.

Etxegabetze kopuruak gora                                                                  

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente Gonzalo Molinerrek azaldu du 2012 amaieran 198.076 etxegabetze zeudela izapidetzeko zain. Halaber, iaz kopurua %134 igo zen. Horietako gehienak bigarren etxebizitzak edo lanerako egoitzak direla uste duen arren, Molinerrek azpimarratu du ezin dela zehazki jakin ze motatakoak diren.