argia.eus
INPRIMATU
PPk erdira murriztu nahi du Arabako euskararentzako aurrekontua
  • Datorren urtera begira, PPk erdira jaitsi nahi du euskara sustatzeko aurreikusita dagoen diru partida, milioi bat euroko murrizketak proposatuz.

Hala Bedi @halabedi 2025eko abenduaren 9a

2026ko aurrekontuei begira, Alderdi Popularrak erdira jaitsi nahi du euskara sustatzeko diru partida. Ramiro Gónzalezen gobernuak proposatu dituen 1.972.816 eurotatik, 914.812 eurora jaitsi nahi dute popularrek.

Arabako udal eta kontzejuek euskara sustatzeko jasotzen duten dirulaguntza desagerraraztea proposatu du, eta baita euskararen garapenerako plan estrategikoa zero eurotan uztea ere. Euskara sustatzen duten elkarte eta kolektiboek jasotzen duten laguntza %93 jaistea proposatu du, 150.000 eurotatik 10.000 eurora.

Euskarazko hedabideei ematen zaien dirulaguntzari dagokionez, 92.500 euro kentzea proposatu du Alderdi Popularrak, eta Arabako Bertsolari Elkarteak jasotzen duen laguntza 28.000 euroak 8.500 eurotan uztea.

Euskararen normalizazioaren aurka

Voxekin batera, Alderdi Popularrak Enplegu Publikoaren Legean jasotako euskararen normalizazioaren aldeko araudiaren aurkako helegitea aurkeztu ditu EAEko Auzitegi Nagusian. Zehazki 187.5 artikuluaren aurka aurkeztu dituzte helegiteak. Artikuluak hizkuntza eskakizunak arautzen ditu, eta  EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Estatuko Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio iritzia, lege horren konstituzionaltasuna zalantzan jarriz.