Eldiario.es hedabideak zabaldu duenez, Gürtel kasuaren sententzian irakur daitezke EAEko PP Alderdi Popularra Espainia mailakoak antolatuta zeukan ustelkeriazko sarearekin lotzen duten frogak.
Iker Rioja Andueza haizatu du gaia: Gürtel kasuaren oinarrian dauden Barcenasen paper famatuetan agertzen direla Espainiako PPren ustelkeria alderdiaren EAEko finantziazioarekin eta zehazki Bilbon daukan egoitzaren ordainketarekin lotzen diren hiru osagai. Batetik, eta funtsezkoena, 1998an –ETAk Miguel Angel Blanco zinegotzi popularra hil eta hilabete batzuetara– alderdiak PPko hautetsiak babesteko antolatu zuen diru bilketaren emaitza ez horretarako baizik eta bestelako gastuak pagatzeko erabili zuela.
Ustez ETAren erasoetatik babesteko bildutako diruaren zati bat, hau da bigarren osagaia, PPko buruek erabili zuten Bilbon Gran Via kalean daukan egoitzaren zorrak ordaintzeko. Garai haietan 1,2 milioi euroko zuloa zeukaten ordaintzeke popularrek. Eldiario.esek albistean erakusten du alderdiaren kontabilitate paraleloaren orrietako bat horren frogatzat.
Gürtel kasuan EAEko PP Espainiakoaren ustelkeriarekin lotuta ageri den hirugarren osagaia Araban mamitu zen, Gardelegiko zabortegiaren kontratazioetako batean lehiaketa irabaziko zuen enpresa taldeari kobratutako komisio ilegalarekin: Sacyr-Vallehermoso multinazionalaren adarra den Sufi eta EAE mailako Escor eta Lanbidek irabazi zuten lehiaketa, kazetak dioenez, Nige aholkulari enpresari 300.000 euroko komisioa pagatu ostean. Nige hau ere PPri Gürtel aferan zuzenean lotuta ageri da. Lehiaketaren irabazleetako enpresa bat, Lanbide, erdiz erdi harrapatu zuen Hiriko auto elektrikoaren finantziazioaren eskandaluak.