argia.eus
INPRIMATU
PPk 36 milioi euro zor dizkie banku eta enpresa pribatuei
  • Ricardo Costa Valentziako PPren diputatu ohiak onartu berri du bere alderdia diru beltzaren bidez finantzatu izan dela. Diru kantitate horiek kontuan izan gabe, 2016 amaieran alderdi popularrak 36 milioiko zorra zuen banku eta enpresa pribatuekin.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko otsailaren 23a
Diru beltzik ikusi ez izana adierazi izan dute PPko buruek azken urteetan

PPren inguruko datuak sueldospublico.com atariak eman ditu. Artikuluak zehazten duenez, zorra bi zatitan banatzen du Rajoy buru duen alderdiak: epe luzeko zorrak – hamabi hilabete baino gehiago – eta epe laburreko zorrak – hamabi hilabete baino gutxiagoko epean ordaindu beharrekoak –.

Lehenari dagokionez, deigarria da Banestok 37 milioi euro eman izana alderdi kontserbadoreari. Horietatik 14,6 miloi euro zor dizkio, baina lehen unean behintzat ez dirudi inongo presarik duenik dirua itzultzeko; 2036 arteko epea baitu. CAM bankuari ere dirua zor dio: utzi zizkion hiru milioietatik, 163.000 euro ditu ordaintzeko.  Bi kasuetan kredituei ezarritako interes tipoa ohikoa baino malguagoa da: normalean interes tipoa aldakorra izaten da, PPren kasuan, aldiz, hainbat kredituren interesak euriborraren araberakoak dira. Beste batzuek, aldiz, interes tipo finkoa dute, batez beste, %7. 2016ko amaieran PPk epe luzeko 24 milioi euroko zorra zuen.

Falta den kapital kopurua epe laburreko zorrek osatzen dute. Esaterako, teorian behintzat, aurten itzuli beharko lizkioke Banco Popularri 6,8 milioi euro 2016ko hauteskunde kanpaina finantzatzeagatik. Horrez gain, hauteskunde autonomikoak ordaintzeko ere dirua eskatu zion eskuineko alderdiak: guztira, 12 milioi euro inguru. Bi zor motak kontuan hartuz gero, 36,2 milioi euroko zuloa zuen PPk 2016 amaieran.

Hauteskundeetako diru iturriei dagokienez, 2016an PPk 14,8 milioi euro jaso zituen diru publikotik. Zentimorik ez, antza, esparru pribatutik. Horietatik 2,7 milioi euro hedabidetako publizitatean gastatu zituzten. Beste 3,9 milioi euro propagandan eta harreman publikoak sendotzen joan zitzaizkien. Tramite guzti horiek halaber zulo handia utzi zioten alderdiari: ia 6,3 milioi euroko zorra utziz.