argia.eus
INPRIMATU
PP Urkulluren aurrekontuak babestetik gertuago
  • Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta PPko Antonio Basagoitirekin atzo bildu ostean, bi alderdiak aurrekontuetan “gutxienekoen akordio” batera iristea gertuago egon liteke.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 17a
Atzo bildu ziren lehendakaria eta EAEko PPko presidentea (argazkia: eitb.com)

Dokumentu horretan, PPko zenbait iturrik EFEri adierazi diotenez, akordio batera iristeko zenbait konpromiso ezartzen zituen mahai gainean EAJk. PPk dokumentua “xehetasunez” aztertuko du, eta erantzuna eman beharko dio EAJri. Bien arteko beste bilera bat egiteaez da baztertzen, baina elkarrizketak ezingo dira asko luzatu.

Urkullu astelehenean PSE-EEko buru Patxi Lopezekin bildu zen. Alderdi sozialista ez dago ados aurrekontu proiektuko diru-sarreren atalarekin, ordea, eta alderdiko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek zuzenketa bat eskatu du.

Euren aurtengo aurrekontu plana onartua izateko aurrerapausoak eman nahian, EAJ Legebiltzarreko alderdietako buruekin biltzen ari da. EH Bilduko eta UPyDko iturriek ere esan dute lehendakariak bilerak eskatu dituela alderdiko buruekin.

Urkullu eta Rajoy isilean bildu ziren

EAEko lehendakaria eta espainiar estatuko presidentea isilean bildu ziren aurreko astean, ABCk argitaratu zuenez. Kontu ekonomikoez gain, bakegintzaz ere aritu ziren. Urkulluk berak eskatu zion Rajoyri biltzeko, Kontzertu Ekonomikoaren kupoa negoziatu eta autonomia erkidegoei ezarritako defizit muga adostu asmoz.