argia.eus
INPRIMATU
Alberto Núnez Feijóo, PP
"Blokeoa ekarriko luke PP gobernuan ez jartzeak"
  • "Garaipena azkenekoz lortu genuenetik zazpi urtera, berriro irabazi ditugu hauteskunde orokorrak", adierazi du PPko presidentegai Alberto Núnez Feijóok. "Harro nago horregatik. Eskerrik asko!".

ARGIA @argia 2023ko uztailaren 24a

"Espainiarrek badakite bigarren lekuan geratzetik irabaztera pasa garela, boto eta eserleku gehien lortuta", esan du: "52 probintzia eta autonomia erkidegoetatik 40tan izan gara nagusi, eta Senatuan gehiengo osoa lortuko dugu ziurrenik".

"Sekula ez gara intentsitate honekin hazi; boto eta eserleku kopuruan egin dugu gora, bien bitartean koalizio gobernua bere horretan mantendu denean". Madrilgo Genova kalean bildutako jarraitzaileek maiz moztu dute Feijóoren hitzartzea, "Presidente. presidente!", "Oa oa Feijóó a la Moncloa!" edota "Que te vote Txapote" gisako leloak haizatuta.

PPko buruak adierazi du duela urte eta erdi ezinezkoa zirudiena lortu duela alderdiak, bizi zuen "krisia" zela-eta. Zentzu horretan, alderdiko kideek, presidente autonomikoek eta boto-emaileek erakutsitako konfiantza eskertu du.

Bete-beharra, elkarrizketa irekitzea

Bere bete-behar nagusia elkarrizketa fasea irekitzea dela gaineratu du Feijóok, hauteskundeak irabazi dituen heinean, "gure herrialdea gobernatzen saiatzeko". Bere hitzetan, "bizi osoa" darama herritarrak entzuten: "Umiltasunez, baina ausardiaz, elkarrizketa irekiko dut, espainiarren gehiengoak erakutsi duen borondateak bultzatuta".

"Inork ez dezala tentaziorik izan Espainia blokeatzen saiatzeko", jarraitu du PPko presidenteak. "Gu Gobernuan ez jartzeak, alderdi bozkatuena izanik, blokeoa ekarriko luke. Hauteskundeak galdu dituen alderdiari, PSOEri, eskatzen diot Espainia ez blokeatzeko. Espainian beti gobernatu du alderdirik bozkatuenak".

Amaitzeko, agindu du presidente izendatuz gero hauteskunde-legea aldatuko duela, ez daitezen berriro egin uztailean edo abuztuan.