Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.
Zer da erreala, eta zer ez? Saioa hasi bezain pronto horixe galdetu dio Iñigo Martinezek gonbidatu Imanol Alvarez filosofoari. Segituan irauli dio gidoia: "Niri ez zaizkit horrelako galderak horrenbeste interesatzen". Kitzikagarriago zaio egunerokotasuneko gauzen gainean gogoetatzea: ea objektibotasunaren existentziarik dagoen, zein den errealitatea aztertzeko modurik fidagarriena, ea zer nolako harremana duen errealitateak egiarekin...
Aurreko saioetan ondorioztatu moduan, errealitatearen eta egiaren inguruko galderak ere umetan hasten dira, eta denborarekin aldatzen joan ohi dira: "Errealitatea etengabe aldatzen doan bezalaxe gu ere aldatzen ari gara, eta hortaz, galderak ere berritzen dira, baina jakin-minak hor segitzen du". Dena dela, Alvarezen iritziz, haurtzaroa da norbere identitatearen eraikuntzan arorik garrantzitsuena, eta, horrexegatik, ingurugiroak eragin berezia du: "Haurtzaroko ingurugiroak eragina izango du ondoren topatuko ditugun errealitate guztiak interpretatuko ditugun maneran".
Filosofia ikasketak amaitzen ari zelarik, Alvarezek ondo gogoan du zer nolako "krisi unea" bizi izan zuen: apunteetan biltzen zituen galderak gizarte osoarentzat baliagarriak baldin baziren ere, jendeak ez dio kasu zipitzik egiten filosofiari. Gauzak diren bezala. Hortaz, haurrengan ipini zuen fokua: pertsona gutxik asko filosofatu beharrean, pertsona askok pixka bat filosofatzeko helburuz.
Batxilergoan-eta klase emateaz aparte, haur eta gazteekin ari da tailerretan lanean. Horietako batean jasotako esperientzietako bat kontatu du podcastean, errealitatearen gaiari lotuta. Mahaiaren bueltan ari ziren "zerk egiten du zerbait, zerbait izatea?" galderarekin jiran, hain justu ere parean zuten aulkiari buruz: zerk egiten du aulkia aulki izatea. Alvarezen hitzetan, normalean, honelakoxeak izaten dira erantzunak: aulkia aulki da bere helburu, jarduera eta funtzioengatik, jendeak aulki moduan erabiltzen duelako, aulki gisa izendatzen delako... Bada, genero trantsizioan zegoen neska batek eskua altxa eta zera esan zuen: "Aulkia ez da zertan aulki izan". Apurtzailea izan zen momentua, Alvarezen esanetan: "Zentzu batean, bai, identifikatu egin zen aulkiarekin; oso ondo ulertu zuen dinamikaren helburua, zertaz hausnartzen ari ziren, nork eta nola definitzen duen errealitatea".
Errealitatea eta egia I
Podcastaren erditik aurrera, Iñigo Martinezek eta Imanol Alvarezek gehiago gogoetatu dute egungo gizarteak errealitatearekiko duen ulerkeraz. "Batzuk dena kuantifikatu nahi dute, zientzian soilik bilatzen dute erantzuna, eta besteek, aldiz, haien barruan, sentimendu eta pentsamenduetan soilik arakatzen dute", adierazi du Alvarezek. Bere ustez, gakoa da biak uztartzea.
"Genero trantsizioan zegoen neska batek esan zuen: aulkia ez da zertan aulki izan"
Errealitatearen bi eremu handi dira aipaturiko horiek, eta gaia lantzen hasteko Batxilergoko filosofiako ikasleei ipini ohi dien kantua (eta letra) ekarri ditu podcastera: Itoiz taldearen Desolatio. Izan ere, kantuaren letrak "hurbilketa arrazional eta kultural bat" egiten du desolamenduaren kontzeptu horretara; baina erditik aurrera buelta eman eta alderdi subjektiboa kontatzen du. Alegia, errealitate batzuk ezin direla ulertu bizipenik gabe.
Baina, era berean, errealitate ezberdinak al daude? Ez al da sarri horri buruz hitz egiten? Eta errealitate ezberdinak baldin badaude, existitzen al da errealitate objektiborik? Galdera horiei erantzuten hemendik hasi da Alvarez: "Dikotomian zoratuta gaude". Erantzunaren segida, podcastean.
Errealitatea eta egia II
Entzunaldiak aurrera egin ahala hausnarketa gehiago plazaratu dituzte. Izan ere, zientziak horrenbesteko aurrerapausoak egin dituen garaiotan, egia batzuk hain frogatuta daudenean, zalantzan ipintzen ari dira hainbat kontu: besteak beste, ea mundua borobila ala planoa den. Halako galderez zer pentsatzen duen galdetu dio Martinezek Alvarezi. Eta horra erantzuna: "Mundua borobila den ala ez esateak ez du ezer aldatuko, ezta politikariak estralurtarrak diren ala ez; niri mundua alda dezaketen galderak interesatzen zaizkit, ea politikari horiek zer proposatzen duten, adibidez".
Horrelako galderekin ari denari parean ispilu bat jartzeko proposatu dio Alvarezek: "Zergatik gaude tematuta horrelako galderekin? Uste dut postmodernitatearen ezaugarria dela eszeptizismora eta erlatibismora itzultzea, dena zalantzan jartzea... Oinarrizko jakintza asko zalantzan jartzen dituzten ahotsak ugaritu dira, baina ezin da dena maila berean ipini; denok dugu gure iritzia emateko eskubidea, baina iritzi guztiak ez daude maila berean".