argia.eus
INPRIMATU
Portugaletik Turkiara, Europa hegoaldea sutan
  • Bero boladek, haizeak eta lehorteek suteak pizteko aukerak bikoiztu dituzte Europan. Portugal, Espainia, Grezia eta Turkia pairatzen ari dira suterik handienak. Milaka suhiltzaile eta herritar ari dira suaren kontra borrokan Europa hegoaldeko herrialdeetan.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 19a
Jarillako (Cáceres) sutea. Espainiako Gobernuko ordezkaritza Extremaduran

Bero bolada luze batek, haizeak eta lehorteek Europa hegoaldea bilakatu dute suteetarako leku ezin hobea, 2025eko abuztuaren erdialdean. Milaka suhiltzaile, militar eta boluntario dozenaka lekutan lanean ari dira egunero, hainbat herrialdek Babes Zibileko Europako Mekanismoa aktibatu eta aireko baliabideak eskatu bitartean. 

Portugal

Portugalen 5.000 suhiltzaile inguru ari dira itzaltze lanetan. Hamar foku nagusi daude herrialdearen ipar eta erdialdean. Sute nagusiak Guardan, Viseun, Coimbran eta Duero eskualdetan daude, eta Lisboak behin eta berriz aktibatu du Europaren laguntza sute handien kopuruaren aurrean. Osasun zerbitzuek hiru pertsona artatu behar izan zituzten, haietako bi suhiltzaileak ziren, beste bederatzi ospitaletara eraman dituzte, eta Guardan gizon bat hil zen.

Poliziak bi pertsona atxilotu ditu momentuz, bata 19 urteko gizon bat Seian eta beste 32 urteko emakumea Guardan. Lehenengoak "ageriko arrazoirik gabe" sua zuzenean piztu ei zuen, eta inguruko basoa eta etxebizitzak arriskuan jarri zituen. Emakumeak gatazka izan zuen auzokideekin, eta txiskero batekin sua piztu zuen auzokoak beldurtzeko.

Suhiltzailea Portugalgo sute batean. Rtve.es

Espainiako Estatua

Historia hurbileko sute bolada txarrena ari da bizitzen: Galizian, Gaztela eta Leonen eta Extremaduran daude foku handienak. Ebakuazioak egin, tren zerbitzuak eten eta Larrialdi Unitate Militarra aktibatu behar izan dute, besteak beste. Aurten 158.000 hektarea inguru erre dira, eta EBko beste kide batzuen aireko baliabideak eskatu eta jaso ditu gobernuak. Azken egunetan 500 militar gehitu dira aurretik hedatuta zeuden 1.400 soldadu baino gehiago laguntzeko.

Leku batzuetan 44 graduko tenperaturak erregistratu dituzte, eta 20 foku aktibo baino gehiago daude. Sute larrienetariko bat Molezuelas de la Carballedan (Zamora) dago. Sute horrek 31.700 hektarea inguru erre, eta bi pertsona hil ditu. Galiziako egoera kritikoa da, Chandrexa de Queijako (Ourense) suteak 16.000 hektarea erre ditu, eta Xuntako presidenteak baliabide gehiago eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Extremaduran sute batek 4.800 hektarea erre ditu, eta Gaztela eta Leongo hainbat herri ebakuatu behar izan dituzte suteak direla eta.

Suhiltzailea Chandrexa de Queixan (Ourense). Rtve.es

Frantziako Estatua

Suhiltzaileek lortu dute hainbat egunen ostean Frantzia hegoaldeko Aude departamentuko sutea itzaltzea. Hala ere, alertan jarraitzen dute tenperatura oso altuak eta lehortasun handia daudelako, baldintza horiek suteak berpiztu litzakete. Audeko sutean pertsona bat hil da, eta hainbat zauritu. 16.000 hektarea erre dira. 

Aude departamentuko sutea Frantzian. Sécurité Civile

Grezia

Grezia alertan dago, suteek 43.000 hektarea inguru erre dituzte azken bi hilabeteetan. Azkenengo fokua Peloponesoko penintsularen iparraldean agertu da, eta gertuko herrietako biztanleek jarraibideak jaso dituzte prest egoteko. Sute hori ez da zuzenean gertatu leku populatuetan, baina sute asko egon dira eskualde horretan, 10.000 hektarea baino gehiago erre baititu suak. 

Sutea Atenaseko periferian (uztaila). Rtve.es

Turkia

Turkiako Mersin probintzian suteek 1.500 hektarea erre eta 1.800 pertsona ebakuatu behar izan dute. Kontrolpean daude dagoeneko, baina Karamürselen Marmara itsasoan foku handia dago oraindik. 

Mersingo sutea soldadura lanek sortutako txinpartek eragin zuten. Obra horietako enpresaren burua eta lau langile atxilotu dituzte sutea sortzea leporatuta. Turkiako nekazaritza eta basogintza ministroak esan du suteak biderkatu direla aurten, 5.100 foku baino gehiago egon baitira. Horietatik %96 gizakiak sortutakoak dira. Larrialdi klimatikoarekin zuzenean lotu du suteen hedapena.

Suteak Sakaryan (Turkia). Demiroren agentzia