Bizkaiko Gazte Euskaltzaleen Topaketak goizeko 10:00etan abiatu dira eta egun osoko egitaraua dute aurretik. Bazkariaz, mahai inguruez eta kontzertuez gozatzeko aukera egongo da, besteak beste, Portugaleteko merkatuan.
Giroan sartzeko gosariaren ostean, lau taldetan banatu dira gazteak eta “Euskararen errealitatea osatuz” dinamikari ekin diote, “nondik gatozen ezaugutu eta nora goazen jakiteko”. Hainbat galdera planteatu zaizkie parte hartzaileei, esaterako, ea euskara politikoa den, euskalkiak egokiak diren erregistro formaletan edota Euskaraldiak mugak dituen.
Iiritzi desberdinak elkarbanatu ostean, eten bat egin dute eta berehala ekin diote hurrengo eztabida txandari: “Zer gara euskaraz ari garenean?”. Norbanako moduan euskaraz ari direnean dituzten indarguneak, ahulguneak, aukerak eta arriskuak zeintzuk diren azaltzen hasi dira. Hala ere, norbanakotik kolektibora jauzi eginez, euskalgintzak eta gazte mugimenduek dituzten erronkak, indarguneak eta ahulguneak ere jarriko dituzte mahai gainean. “Euskara al da gure territorio libre bakarra?”, galderari erantzuna bilatzeko asmoarekin abiatutako dinamika da hau.
Sukaldean goizean goizetik ari dira lanean, Portugaleteko Merkatura hurbildu diren gazte euskaltzaleentzako bazkaria prestatzen. Goizeko dinamikak bukatutakoan, bazkaltzeko txanda iritsiko da, eta honen ostean, “euskarak baditu mila aurpegi” mahai ingurua eta “Eraikitzera bidean” eztabaida txanda. Topaketak ixteko, gauean, kontzertuak egongo dira, Ziztada & Rlantz eta Mugalari taldeen eskutik.
Argazki gehiago:
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.