argia.eus
INPRIMATU
Portugalek eta Irlandak zergak igoko dizkiete bankuei
  • Grezia eta Espainia bezalaxe, Irlanda eta Portugal Troikak erreskatatutako estatuak dira. 2014ko aurrekontuak aurkeztu dituzte, eta orain arte bezala herritarrei murrizketak ezartzeaz gain, bankuei presio fiskal handiagoa egingo diete.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 18a
Irlandako Gobernuak presio fiskal handiagoa egingo die bankuei 2014an. Argazkia: www.theguardian.com.

Irlandak estutuko ditu gehien bankuak. Hartutako neurri berriekin 150 milioi euro jaso nahi ditu urtero. Batetik, Gordailuak Bermatzeko Funtsari ordaintzen zioten tasa kendu eta zerga berria ezarri du Gobernuak, hala, haiek erreskatatzea kosta denaren zati bat behintzat ordain dezaten. Bestetik, kapital errentaren gaineko zerga %33tik %41era igo diete.

Bankuei presio handiagoa egiteak ez du esan nahi herritarrek murrizketak jasan beharko ez dituztenik. Osasun publikoa doakoa mantentzea gero eta zailagoa izango da, izan ere, beste hainbat neurriren artean berrordainketak gora egingo du eta amatasunagatiko laguntzek behera egingo dute. Enplegua sortzeko 500 milioi euro gorde ditu Gobernuak.

Portugalek presio gutxiago

Portugalek ere presio egingo die bankuei, baina Irlandarekin alderatuta ezer gutxi. Daukaten pasiboaren balioaren %0,01 ordaintzen dute gutxienez zerga bidez. Bada hemendik aurrera, gehiengoa 0,05etik 0,07ra igoko dute. 2011n, zerga horri esker, 139 milioi euro bildu zituen Gobernuak. 2014ko aurrekontuen arabera, finantza salerosketen gaineko tasa ere ezarriko da.

2014ko aurrekontuan 3.184 milioi euroko murrizketak eta zerga igoerak aurreikusi ditu Portugalgo Gobernuak. Sektore publikoko funtzionarioek eta langileek jasango dituzte murrizketa gogorrenak: 600 eurotik gorako soldata guztiek behera egingo dute. Pentsioak ere murriztuko dituzte. Hezkuntzan eta Osasun Publikoan 800 milioi euro aurreztu nahi dituzte.