argia.eus
INPRIMATU
Portuak, bizitzarako edo heriotzarako?
  • Bilboko Portuak bost urterako Plan Estrategikoa aurkeztu berri du. Getxoko kruzeroen kaian egin du, munduko itsasontzi hoberenetan milaka turista igarotzen diren tokian. Zein da Plana? Irakurleek prentsa bidez jakin ahal izan dute. Baina portuko agintariek ez dituzte azaldu milaka lagunen bizitzari –eta heritozari– eragiten dieten beste alderdi batzuk, nahiz eta portu hori funtsezko tresna izan. Horixe gogoratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Planaren aurkezpen ofizialean elkarretaraturik.

Juan Mari Arregi 2017ko azaroaren 09a

Hala, portu horretan, baina ez kruzeroen kai elegante eta modernoan baizik eta Zierbenan, atzerriko dozenaka migratzaile saiatu dira azken hilabeteetan ezkutatzen polizoi moduan. Batzuek lortu dute. Gehienak harrapatu eta atxilotu egin dituzte. Bilboko Portuak horma bat jaso du migratzaileak itsasontzietan sar daitezela eragozteko, batez ere Ingalaterrara doazenak. Baina portu horretatik jarraitzen dute esportatzen zati batean Euskal Herrian ere sorturiko armak. Joan den urtean lehergailuz beteriko hirurehun edukiontzi garraiatu zituzten. Eta arma horiek bidaltzen dituzte herritarrak zapaltzen dituzten eta Europarako migrazioa sorrarazten duten gerretan dabiltzan herrialdeetara. Euskal Herrira etorritako migratzaileek, polizoi moduan ihesean dabiltzanak, herrialde gatazkatsu horietakoak dira hain zuzen. Euroganberaren debekuari muzin eginez, euskal portu honetatik armak ateratzen segitzen dugu, Arabia Saudi bezalako herrialdeetara ere bai.

Bilboko Portuak kasu egin beharko lioke plataforma horri, eskatzen duenean “migratzaileen eskubideek eta askatasunek garrantzi handiagoa izango duten etorkizun bat, konpainia handien interes ekonomikoek eta gerraren negozioak baino”.