argia.eus
INPRIMATU
Portland Valderribasek ezingo du hondakinik erre Sevillan, Auzitegi Gorenak baimena baliogabetuta
  • Portland Valderribas zementu ekoizleari Andaluziako Juntak (PSOEren agintepean) baimena emana zion Alcala de Guadairako Los Alcores porlan fabrikan hondakinak erretzeko. Baimena lehenik Andaluziako Auzitegi Nagusiak baliogabetuta, Junta tematu zen helegitea jarriz eta orain Madrilgo Auzitegi Gorenak baliogabetu du behin betikoz baimen hori.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko urtarrilaren 17a
Errausketaren aurkako protesta Los Alcores porlan fabrikaren aurrean, Alcala de Guadairan. (Argazkia: De Guadaira TV)

Zazpi urte iraun du auzitegietako borrokak, Anduluziako Juntak (gobernu autonomikoak) Portlant Valderribas konpainiari eman zionetik urtean ia 300.000 tona zabor zementutarako labeetan erretzeko baimena. Zementugileen eta agintarien asmoen kontra gogor borrokatu dute urteotan bai inguruko biztanleak biltzen dituen Los Alcores erraustegiaren aurkako plataformak eta bai Ecologistas en Accion-eko kide den Alwaidiira elkarteak.

Alcala de Guadairan, Sevilla ondoan, duela bi urte egin zuten biltzar nagusia porlan fabriketan hondakinak erretzearen kontrako borrokan ari diren plataformek, bere garaian ARGIAk plazaratu zuenez. Euskal Herrian Portland Valderribas konpainia saiatu zen Nafarroan, zehazki Olaztin, hondakinak erretzen eta asmo hura azkenean bertan behera geratu zen Sakanako eta Nafarroa osoko herritar askoren borrokaren poderioz.

Alwaidiira eta Los Alcoreseko plataformak Alcalako errausketa asmoa gelditurik, hurrengo helburutzat hartu dute Andaluzia osorako hondakin lege berri bat lortzea. Euskal Autonomia Elkartearen aurretik iritsiko dira, ziur aski.