Horixe da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak adierazi duena, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak bere herrialdeko legedia Europako Batasunaren arauen gainetik daudela ebatzi ondoren.
Zalaparta handia sortu da Europako Batasunean, Poloniako justiziaren organo gorenak egindako ebazpenaren ondoren, eta Von der Leyen lehendakariak argi mintzatu da EB eta hura osatzen duten estatuen arteko botere harremanaz: “Gure itunak oso argiak dira eta EBko Justizia Auzitegiaren epai guztiak lotesleak dira estatukide guztientzat, baita estatuetako auzitegientzat ere”. Zehaztu du estatu guztiek hori sinatu zutela EBko kide egin zirenean eta Poloniaren auzi honetan EBren eskuetan diren tresna guztiak erabiliko dituela.
Hainbat gai direla eta –justizia, hedabideak, adierazpen askatasuna, LGTBI mugimendua...–, azken urteetan EBk ohartarazpen ugari egin dizkio Justizia eta Askatasuna alderdi kontserbadore muturrekoak gidatzen duen Poloniako gobernuari. Auzi zehatz honi dagokionez, Mateusz Morawiecki gobernuburuak eskari bat luzatu zion Poloniako Auzitegi Konstituzionalari, argitu zezan nork zuen lehentasun juridikoa, EBk edo Poloniak, eta auzitegiak erantzun du Poloniakoa gainetik dagoela.
Polonia EBtik kanpo?
Orain ikusiko da zer gertatzen den, baina Ebren baitan askok gogortasuna eskatzen dute Poloniarekin, besteak beste Europar Legebiltzarreko lehendakari David Sassolik. Clément Beaune Frantziako Atzerri ministroa ere tinko mintzatu da: “Oso larria da, Polonia EBtik ateratzeko arriskua dago”.
Egoera oso bitxia eta nahasia da, Morawieck lehen ministroak erantzun baitu Polonia EBren barruan ikusten duela eta balizko Polexit baztertzen duela. Aldi berean, ordea, Poloniako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena defenditu du: “Ebazpenak esaten du Poloniako Konstituzioak argi azpimarratzen duena, hau da, zuzenbide konstituzionala bestelako zuzenbideen gainetik dagoela”.
Ez dago garbi nola amaitu daitekeen liskarra, baina EBk dagoeneko jakinarazi du Poloniara bideratzekoak diren 36.000 euroak –diru-laguntzak eta maileguak– blokeatuta daudela.