Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak omenaldia egin diete 1939an frankisten beste hainbat gorpuzkinekin batera hobiratutako errepublikarrei. Iazko maiatzean identifikatu zituen hamazpi lagunen izenak Aranzadi Zientzia Elkarteak. Erabateko erreparazioa egiteko, mausoleotik gurutze frankista kentzeko eskatu dute biktimen elkarteek.
Duintasuna izeneko eskulturaren erreplika jarri eta agurrarekin eta lore eskaintzarekin omendu dituzte, igande honetan, Polloeko mausoleo frankista batean dauden hamazazpi errepublikarrak. Ekitaldian, Donostiako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, biktimen senideak eta beste hainbat herritar ere izan dira.
Mausoleoa 1939an eraiki zuten agintari frankistek, hasiera batean bando frankistako hildakoak lurperatzeko, eta ia gaur arte iraun duen plaka bat ere jarri zuten: "Espainiaren eta Jainkoaren idealak" defendatzeagatik hil zirela zioen. Toki horretan sarritan egin dituzte ekitaldi frankistak guardia zibilek zein espainiar militarrek.
1940an beste hobi batzuetatik atera eta mausoleoan sartu zituzten miliziano errepublikarrak, gutxienez beste ehun gorpuzkinekin batera
Eneko Goia Donostiako alkatearen esanetan, "frankismoak gure herrian egindako kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen jarraitzen dugu". Lehen pausoa plaka frankista kentzea izan zen, eta orain beste plaka bat jarri dute eskultura dagoen tokian, hildako errepublikarren izenekin.
Nolanahi ere, biktimen elkarteek eskatu dute gurutze frankista ere kentzeko, eta berriki, Elkarrekin-Podemos talde politikoak gauza bera eskatu du Eusko Legebiltzarrean: "Gorpuzkiak ezin badira deshobiratu, gutxienez gurutzea kendu behar da", azaldu du Jon Hernández legebiltzarkideak.
Iragarkiak prentsa frankistan
Aranzadik, lehendik zeuden susmoei segika eta EH Bilduk egindako proposamen batetik abiatuta, 2022ko maiatzean hamazpi errepublikarren izenak identifikatu zituen, PCE, CNT eta UGTko eta herri milizietako kideak denak, Donostiako Udalak eskatutako azterketa egin ondoren: "Azterketak argitu du aukera handiak daudela bertan miliziarren gorpuzkinak egoteko", ondorioztatu zuen.
Dirudienez, behin mausoleoa eraikitakoan, 1940an beste hobi batzuetatik atera eta bertan sartu zituzten, gutxienez beste ehun gorpuzkinekin batera. Gainera, mausoleoan dauden beste hamalau lagunen inguruan ere zalantzak dituzte, ez baitago argi zergatik hobiratu zituzten toki horretan.
Bost metroko zabalera duten alde banatan, metro bateko sakoneran pilatzen dira hezurrak mausoleoan, eta gaur gaurkoz, arkeologoek ezinezkotzat dute errepublikarren gorpuzkinak berreskuratzea.
Ikerketa egiteko Donostiako udal artxiboko eta hilerriko iturriak erabili dituzte; baita garaiko prentsa frankistan, El Diario Vasco, La Voz de España eta Unidad egunkarietan publikatutako iragarkiak ere, senideak "gonbidatuz" gerran hildakoen gorpuzkiak mausoleoan uztera. Aranzadiren txostenean agertzen denez, 1946an "azken abisua" eman zen toki aldaketak egiteko.
Donostiako memoria historikoari buruzko jardunaldia
Martxoaren 16an, ostegunarekin, Aranzadi elkarteak Donostiako memoria historikoari buruzko jardunaldia egingo du Miramar jauregian, Donostiako Udalarekin lankidetzan.
Hainbat adituk hartuko du parte hitzaldietan, hala nola: Arazadiko ikerlaria den Javier Bucesek, Egia, Justizia eta Erreparazioa sustatzeko NBEn kontalari Fabián Salviolik, eta zigor zuzenbidean aditua den Jon Mirena Landak. Horrez gain, frankismoko errepresaliatuen senideen arteko mahai-ingurua ere egingo dute.